Itxi

Bigarren jardunaldia

Blancos de Rueda-Lagun Aro (89-86): Porrota luzapen denboran

Erredakzioa

Gipuzkoarrek partida irabazteko aukera ederra izan dute azken laurdenean, baina Baronek ezin izan du jaurtiketa librea saskiratu.

Blancos de Rueda-Lagun Aro (89-86). Argazkia: EFE

Donostiako taldeak garaipena ezagutu gabe jarraitzen du Endesa Ligan. "Sito" Alonsoren mutilek 89-86 galdu dute Blancos de Ruedaren etxean luzapen denboran. Lehenengo zatian Valladolideko taldea izan da nagusi, baina atsedenaldiaren ostean gipuzkoarrek markagailua iraultzeko aukera izan dute. Baronek partida irabazteko aukera izan du, baina estatubatuarrak ez du jaurtiketa librea saskiratu eta partida luzapenera joan da. Luzapenean etxeko taldeak saskiraketak gauzatu egin ditu garaipena eskuratzeko.

Partida ezin hobeto hasi dute Valladolideko jokalariek eta Blancos de Ruedak azkarra hartu du aurrea markagailuan (14-5) Herve Tourek lortutako puntu garrantzitsuei esker. Isaac Lopezek Blancos de Rueda taldearen erritmoa bizitu egin du eta etxeko taldeak 25-10eko emaitza jarri du markagailuan aurreneko laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdenean Valladolideko taldeak erasoan sakatzen jarraitu du eta saskiraketa erosoak lortu dituzte jokalari moreek 30-10ekoa jartzeko. Gipuzkoarrek defentsa sendotu egin dute Pankok taldea erasoan gidatu du markagailuan 40-30ekoa jartzeko. Gipuzkoa Basketen jokoak ez du ohiko freskotasuna izan eta Sito Alonsoren mutilak 42-30eko emaitzarekin joan dira aldageletara.

Hirugarren laurdenean gipuzkoarren erreakzioa heldu da eta Sergi Vidalek lortutako hirukoei esker 48-44 markagailuan jarri dira Alonsoren mutilak. Diego Garciak Valladolidek taldea 55-51 aurretik jarri du, baina Vidalen hiruko garrantzitsu batek 55-54koa jarri du hirugarren laurdenaren bukaeran.

Azkenengo laurdenean Bettsek donostiarrak marklagailuan goitik jarri ditu (55-57), baina Seawrightek Blancos de Ruedaren erantzuna eman du (62-57). Javi Salgadok Lagun Aro ondo gidatu du erasoan eta Gipuzkoa Basket aurretik jarri da berriro (72-73). Dumasek saskiraketa libreak sartu dite etxekoentzat eta Baronek partida erabakitzeko aukera izan du. Hala ere estatubatuarrak ez du jaurtiketa librea saskiratu eta norgehiagoka luzapen denborara joan da (74-74).

Luzapenean Pankok eta Robinsonen euren taldeak gidatu dituzte, baina Blancos de Ruedako jokalariek jaurtiketak saskiratu egin dituzte garaipena lortzeko (89-86).

- Fitxa teknikoa:

89 - Blancos de Rueda (25+17+13+19+15): Dumas (11), Diego Garcia (17), Robinson (10), Toure (14), Seawright (17) -hasierako bostekoa-, Isaac Lopez (5), Nacho Martin (10), Uriz (2) eta Umeh (3).

86 - Lagun Aro GBC (10+20+24+20+12): Salgado (10), Baron (14), Vidal (18), Lorant (2), Doblas (10) -hasierako bostekoa-, Panko (18), Neto (5), Adeleke (4), Papamakarios (-) eta Betts (5).