5. jardunaldia
CAI Zaragoza-Lagun Aro (77-86): Aurreneko garaipena
Erredakzioa
Gipuzkoa Basketek denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Aragoiko taldea gaindituta. Pankok eta Baronek gidatu dute taldea erasoan 24 eta 22 punturekin.
Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Gipuzkoako taldeak Zaragozan. Sito Alonsoren mutilek 77-86 irabazi dute CAI-ren aurka azkenengo laurdenean markagailua iraulita. Andy Panko eta Jimmy Baron izan dira taldeko saskiratzailerik onenak.
Lehenengo laurdenean Donostiako taldeak agindu du kantxan eta Andy Pankoren puntuei esker abantaila polita hartu dute Sito Alonsoren mutilek. Hala ere etxeko taldeak 16-16ekoa jartzea lortu du Wrighten saskiraketa bati esker eta aurreneko laurdenean 16-18ko emaitza jarri du Salgadok azken unean.
Bigarren laurdenean Zaragozako taldeak erasoan asko sakatu du eta gipuzkoarrek ezin izan dute defentsan eutsi. Wrightek puntu garrantzitsuak lortu ditu CAI Zaragozarentzat eta etxeko taldea 31-23 markagailuan goitik jarri da. Hala ere Pankok erantzuna eman du Lagun Aron eta donostiarrak 36-33 jarri dira. Atsedenaldian 42-35 markagailuan behetik egon dira Sito Alonsoren mutilak.
Atsedenaldiaren ostean Aragoiko taldeak erasoan sendo jarraitu du, baina Lagun Arok markagailua iraultzea lortu du Netoren saskiraketa bati esker (49-50). Markagailuan aurrea hartu bezain laster, Donostiako taldeak akats larriak egin ditu defentsan eta Cabezasek 54-52koa jarri du. Hirugarren laurdenaren bukaeran etxeko taldeak 6 puntuko abantaila lortu du (60-54).
Azkenengo laurdenean Sito Alonsoren taldea bikain egon da defentsan eta erasoan eta Doblasek eta Netok markagailuan goitik jarri dute Lagun Aro (67-69). Jimmy Baronek saskiraketa garrantzitsuak gauzatu dite eta garaipena Gipuzkoa Basketek eskuratu du (77-86). Donostiako klubak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Zaragozan.
Fitxa teknikoa:
77 - CAI Zaragoza (16+26+18+17): Cabezas (12), Stefansson (7), Burtschi (7), Aguilar (2) eta Hettsheimeir (13) -hasierako bostekoa- Van Rossom (6), Wright (21), Almazan, Archibald (6) eta Toppert (3).
86 - Lagun Aro GBC (18+17+19+32): Neto (14), Baron (22), Vidal (8), Panko (24) eta Betts (8) -hasierako bostekoal- Salgado (2), Doblas (6), Lorant, Papamakarios eta Adeleke (2).