Igandean, 18:00etan
Lagun Aro-Lucentum: Gipuzkoarrek sendotasuna behar dute
Erredakzioa
Denboraldiko hirugarren garaipena du helburu Sito Alonsoren taldeak. Alacanteko taldeak jokalari oso arriskutsuak ditu eta partida ez da erraza izango gipuzkoarrentzat.
Gipuzkoa Basketek Txus Vidorretak zuzendutako Lucentum Alacant hartuko du Ilunben igandean 18:00etan. Denboraldiko ezustea bilakatu da Lucentum aurreneko jardunaldietan, baina azkenaldian bi porrot jarraian jaso ditu. Lagun Arok bi garaipen eta sei porrot ditu eta Alacanteko taldeak bost garaipen eta hiru porrot.
Andy Pankoren eta Jimmy Baronen puntuak beharko ditu Sito Alonsoren taldeak garaipena eskuratzeko. Gipuzkoa Basketek gainera, pasa den jardunaldiko eta aurreneko jardunaldiko jokalari onenak gelditu beharko ditu, Kaloyan Ivanov eta Kyle Singler.
Jaitsiera postuetatik urruntzeko aukera paregabea dute donostiarrek, baina horretarako Ilunben garaipena eskuratu beharko dute.