Endesa Liga
Baskoniak ofizial egin du Pablo Lasoren irteera eta Paolo Galbiati ordezkoaren etorrera iragarri du
EITB
Urtebetez entrenatzaile lanetan egon ondoren, Lasok Gasteizko taldearen entrenatzaile izateari utzi dio. Galbiatik, berriz, bi denboraldirako sinatu du.
Pablo Laso eta Paolo Galbiati.
Pablo Lasok ez du datorren denboraldian Baskoniako entrenatzaile izaten jarraituko, nahiz eta beste bi urteko kontratua izan, Gasteizko klubak ostiral honetan iragarri duenez. Duela urtebete iritsi zen Baskoniara.
Paolo Galbiati italiarrak ordezkatuko du, eta bi denboraldirako kontratua sinatu du. Aquila Basket Trento taldetik dator, aurreko denboraldian Italiako Kopa irabazi eta Ligan laugarren amaitu zuen taldetik.
Lasok 2024ko udan hasi zuen bere bigarren etapa Baskonian, jokalari gisa denbora luzez egon ondoren (1984-95). Urtebete eskas egin du oraingoan Gasteizko klubean, Endesa Ligan zortzigarren postuan amaitu ostean. Play-offetako lehen kanporaketan galdu zuen Real Madrilen aurka, eta ez zuen Errege Koparako sailkatzea lortu.
Euskal entrenatzailea Valentzian, Gipuzkoa Basketen eta Real Madrilen aritu zen entrenatzaile gisa aurretik. Bere gidaritzapean, 68 partidetatik 33 besterik ez du irabazi Baskoniak, Liga eta Euroligako partidak zenbatuta.