Euroligako Top 16a
Baskoniak garaipen handia lortu du Tel Aviven (70-71)
Erredakzioa
Zan Tabaken taldeak landutako garaipena eskuratu du Maccabiren aurka. San Emeteriok sartu du, amaierarako bederatzi segundoren faltan, garaipena eman dion saskiratzea.
Garaipen handia eskuratu du Caja Laboral Baskoniak Maccabiren aurka (70-71) Euroligako Top 16ko bigarren jardunaldiko neurketan. Jarraian bigarren garaipena eskuratu du Gasteizko taldeak Top 16an.
Parekatua eta intentsitate handikoa izan da Tel Aviveko Nokia Arenan jokatutako lehen laurdena. Zan Tabaken gizonak errebotean nagusitu dira, baina Landesbergek azken segundoan sartutako saskiratzeak Israelgo taldearen alde erabaki du laurdena (23-20).
Bigarrenean aurkaria baino gehiago izan da Baskonia, ez du erraztasunik eman, eta atsedenaldira hamabi puntu goitik joan da (32-44).
Baina norgehiagoka goitik behera aldatu da hirugarren laurdenean. Israelgo taldeak 24-6ko partziala lortu du iparra erabat galduta zuen Baskonia gaindituta (56-50). Hickman eta Landesberg jokalariak izan dira protagonista nagusiak. San Emeterio, Cook, Bjelica... Denak geratu dira lo.
Dena erabakitzeko zegoen azken laurdenean. Edozer gauza gerta zitekeen, edonork irabaz zezakeen. Amaierara heltzeko bi minutu eta erdiren faltan, markagailuan aurretik jarri da Baskonia (67-69) jarraian sartutako hiru hirukori esker (Bjelicak bi eta Olesonek bat).
Zan Tabaken gizonek ez dituzte hurrengo bi erasoak ondo kudeatu, eta 30 segundoren faltan Maccabi zen nagusi (70-69). Eta orduan agertu da San Emeterio, partida bukatzeko bederatzi segundo falta zirenean, garaipenaren saskiratzea sartzeko.
Fitxa teknikoa:
MACCABI ELECTRA: Ohayon (6), Hickman (18), Smith (10), Eliyahu (4) eta James (8) --hasierako bostekoa--; Logan (3), Planinic (11), Thomas (-), eta Landesberg (10).
CAJA LABORAL: Heurtel (5), Oleson (10), San Emeterio (7), M.Bjelica (8) eta Lampe (5) --hasierako bostekoa-; Cook (5), Nocioni (7), Causeur (5), Pleiss (2) eta N.Bjelica (17)
PARTZIALAK: 23-20, 9-24, 24-6 eta 14-21.