Endesa Liga
Baskoniak Estudiantesi irabazi dio eta zerrendaburu izango da Kopan
Erredakzioa
68-72 irabazi du Caja Laboralek Madrilen, eta Arabako taldeak Endesa Ligako sailkapeneko bigarren postuan bukatu du lehen itzulia.
Caja Laboral Baskoniak 68-72 irabazi dio Asefa Estudiantesi, eta Errege Kopan zerrendaburu izatea ziurtatu du talde arabarrak. Garaipen honekin Endesa Ligako bigarren postuan jarraituko du Baskoniak.
Asefa Estudiantesek 5-0eko partzialarekin ekin dio partidari, baina Caja Laboralek azkar erantzun du, eta lehen laurdena parekatua izan da. Norgehiagokako lehen hamar minutuak etxeko taldearen aldeko 17-16ko emaitzarekin bukatu dira.
Bigarren laurdenean ere, parekotasuna izan da nagusi lehen minutuetan. Bi taldeetako batek ere ez da markagailuan aldeak lortzeko gai izan laurdenaren amaiera aldera arte. Azken txanpa horretan Caja Laboral izan da nagusi, eta bost puntuko aldea lortu dute (32-37).
Atsedenaldira abantailarekin iritsi da Caja Laboral, baina Estudiantesek ez du etsitzen, eta gutxiago etxean jokatzen duenean. Ondorioz, etxeko taldea aldeak murrizten hasi da, eta partida berdintzea lortu du (49-49). Hirugarren laurdena bukatzeko segundo gutxi falta zirenean 54-54ko emaitza adierazten izan du markagailuak, baina Nemanja Bjelicaren hiruko bati esker Baskoniak hiru puntuko aldearekin bukatu du laurdena (54-57).
Azklen laurdenean ez da emoziorik falta izan. Caja Laboralek bikain ekin dio laugarren laurdenari. Partidan izan duen alderik handiena lortu du Baskoniak laurdenaren erdialdean (56-65); bederatzi puntuko abantaila. Bazirudien, talde arabarrak garaipena erraz lortuko zuela, baina ez da hala izan. Estudiantesek azken uneraino egin du borroka, eta partida bukaerarako bi minutu falta izan direnean, bi puntura jarri da (63-65). Baskoniak, ordea, gehiago asmatu du azken txanpan, eta garaipenak ez dio ihes egin Gasteizeko taldeari (68-72).
Fitxa teknikoa:
68. Asefa Estudiantes (17+15+22+14): Granger (5), English (8), Kirksay (15), Barnes (4) eta Gabriel (17) -hasierako bostekoa- Clark (7), Jaime Fernández (0), Nogueira (5), Kuric (4) eta Fisher (3).
72. Caja Laboral (16+21+20+15): Heurtel (5), Oleson (15), Nocioni (4), Milko Bjelica (2) eta Lampe (15) -hasierako bostekoa- San Emeterio (9), Cook (8), Nemanja Bjelica (8), Cabezas (0), Pleiss (4) eta Causeur (2).
Epaileak: Arteaga, Peruga eta Planells.