88-64 irabazi dio CAI-ri
Caja Laboralek Bartzelona izango du aurkari finalerdietan
Erredakzioa
Baskoniak 88-64 irabazi dio CAI Zaragozari Errege Kopako final-laurdenetako partida. Aragoiko taldeak lehen zati ona jokatu du, baina bigarren zatian jaun eta jabe izan da Arabako taldea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Caja Laboral Baskoniak 88-64 irabazi dio CAI Zaragozari Errege Kopako final-laurdenetako partida, eta Bartzelonaren aurka jokatuko ditu finalerdiak, larunbat honetan (19:00etan).
Baskoniak ez du lehen zati ona jokatu, eta CAI Zaragozak gogotik lan egin arazi dio lehen bi laurdenetan. Aragoiko taldeak bikain ekin dio partidari, eta Caja Laboral ezustean harrapatu du. Horren ondorioz, CAIk sei puntuko abantiala lortu du (13-19). Caja Laboral lehen laurdeneko azken txanpan esnatu da, eta aldeak murriztea lortu du (23-24).
Bigarren laurdena parekatua izan da. Baskoniak aldeak murriztea lortu du, baina CAI Zaragozak ondo jokatu du, eta ez dizkio gauzak erraz jarri etxeko taldeari. Aragoiko taldea, puntu bakarreko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (40-41).
Atsedenalditik itzulita, guztiz aldatu da partida. Caja Laboralek bikain ekin dio hirugarren laurdenari, eta aurkaria baino gehiago izan da. Zan Tabakek zuzentzen duen taldea aldeak lortzen hasi da, eta alde horiek gero eta handiagoak izan dira. Hirugarren laurdenaren amaieran, hamabost puntuko aldea lortu du Baskoniak (69-54).
Azken laurdenerako erabakita utzi du partida Caja Laboralek, eta CAI Zaragoza ezinean ibili da. Luze egin zaio norgehiagoka Aragoiko taldeari, eta azkenean, Caja Laboral Baskoniak irabazi du norgehiagoka (88-64).
Fitxa teknikoa:
88: Caja Laboral (23+17+29+19): Heurtel (16), Causeur (14), Nocioni (15), M. Bjelica, Lampe (17)-hasierako bostekoa-, Cook, Pleiss (4), N. Bjelica (8), San Emeterio (6), Jelinek (8), Cabezas, Calbarro. 64:
CAI Zaragoza (24+17+13+10): Llompart (8), Roll, Rudez (8), Aguilar (23), Norel (10) -hasierako bostekoa-, Jones (10), Van Rossom (5), Toppert, Stefansson.
Epaileak: Arteaga, Perez Perez, Perea.