19:00etan
Bartzelona, Baskoniaren azken oztopoa final amestuaren aurretik
Erredakzioa
Errege Kopako lehenengo finalerdian arituko dira bi taldeak, 19:00etan. Finalaren aurreko partidan elkarrekin lehiatzen diren hirugarren aldia da, azken lau urteetan.
Caja Laboral Baskonia eta Bartzelona aurrez aurre arituko dira Errege Kopako lehenengo finalerdian, 19:00etan. Bi taldeak elkarren kontra lehiatzen diren hirugarren aldia da, azken lau urteetan.
Baskoniak, CAI Zaragozari aise irabazita, etxean jokatutako finalarekin amets egiten dute. Horretarako, Bartzelona kanporatu behar dute lehenago. Kataluniako taldeak final-laurdeneko kanporaketa gogorra izan zuen Real Madrilen kontra. Bigarren luzapenean itxi zen markagailua.
Gasteizko taldeak Zaragozaren aurka izan zituzten defentsa laneko akatsak gainditu nahi dituzte, Bartzelonari emandako erraztasunak gutxitzeko asmoz. Bartzelona, bere aldetik, taldearen ahalmen fisikoa neurtuko du finalerdian, Real Madrilen kontra partida luzea jokatuta. Nekeak Juan Carlos Navarrori eragin ahal dio bereziki, Kopara ozta-ozta heldu zelako.
Brad Oleson Bartzelonako jokalariak bere aurreko taldeari egingo dio bisita lehenengo aldiz. Hamar egun baino ez dira igaro Alaskako jokalariak Baskonia utzi zuenetik.