62-66
Makabik kolpe latza eman dio Baskoniari Buesa Arenan
Erredakzioa
Caja Laboralek bosgarren porrota jarraian jaso du Euroligako Top 16an. Israeleko taldeak hobeto jokatu du une erabakiorretan. Arabako taldeak zail du final-laurdenetarako txartela lortzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Caja Laboral Baskoniak 62-66 galdu du Makabi Tel Aviven aurka Buesa Arenan, eta Euroligako final-laurdenetara sailkatzeko txartela lortzea zail izango du Arabako taldeak. Baskoniak Top 16an jarraian jasotzen duen bosgarren porrota izan da ostegun honetakoa.
Norgehiagokako lehen laurdena kaskarra izan da. Bi taldeek jaurtiketa asko huts egin dituzte, eta baloi asko galdu ere. Lehen laurden kaskarraren erakuslea, lehen hamar minutuen amaieran eman den 10-11ko emaitza izan da.
Bigarren laurdenean bi taldeak hobetu egin dute erasoko jokoan. Baskoniak abantiala txikia hartu du hasieran (14-11), baina Makabi ez da kokildu, eta lehia berdinduta, bost puntuko abantaila eskuratu du (17-22). Laurdenaren amaieran Baskoniak desabantaila murriztu, eta ondoren, atsedenaldira hiru puntuko abantailarekin iristea lortu du (31-28).
Atsedenalditik kantxara itzulita Caja Laboral Baskoniak ondo ekin dio hirugarren laurdenari (35-30), baina Makabik ez dio etxeko taldeari kontraerasora bizi ateratzen utzi, eta aldeak murriztu ditu azken txanpan (41-41). Baskoniak, ordea, azken minutu ona jokatu du, eta hirugarren laurdena arabarren aldeko 47-43ko emaitzarekin bukatu da.
Azken laurdena oso parekatua izan da, eta berdinketa ugari eman dira markagailuan (47-47, 50-50, 53-53, 56-56 eta 58-58). Berdinketa sortaren ondoren Caja Laboralek hiru puntuko aldea lortu du azken minutuari aurre egiteko (62-59). Makabik puntu bakarrera jartzea lortu du (62-61), eta gero, amaierarako 24 segundo falta zirenean Loganek hirukoa sartu du (62-64). Caja Laboralek ez du ondo jokatu azken segundoetan, eta Logan Baskoniako jokalari ohiak bi jaurtiketa libre sartuta, partida erabaki du (62-66).
Fitxa teknikoa:
62 - Caja Laboral (10+21+16+15): Heurtel (9), Causeur (6), Nocioni (2), M. Bjelica (5), Lampe (19) –hasierako bostekoa-, Cook (3), San Emeterio (11), Pleiss (2), N. Bjelica (5).
66 - Makabi Tel Aviv (11+17+15+23): Ohayon (3), Hickman (10), Smith (20), Caner-Medley, James (11) –hasierako bostekoa-, Logan (16), Eliyahu, Pnini (6), Planinic, Landesberg
Epaileak: Radovic (CRO), Lottermoser (GER), Paternico (ITA).