Endesa Liga
Garaipenak ihes egin dio Baskoniari, liderraren aurka (92-100)
Erredakzioa
Pablo Lasoren taldea gehiago izan da azken laurdenean, eta Baskonia ez da errenta kudeatzeko gai izan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Caja Laboral Baskoniak ezin izan du liderra gainditu (92-100). Gasteizko taldeak partida serioa jokatu du, baina azken laurdenean ez du errenta ondo kudeatu eta Real Madril nagusitu da.
Zan Tabaken gizonek joko ona eskaini dute lehen laurdenean. Ideiak argi izan ditu taldeak, erabat kontzentratuta. Atzean sendo aritu dira, eta erasoan hutsegite gutxi egin dituzte (21-18). Andres Nocionik bederatzi puntu lortu ditu aurreneko hamar minutuetan. Meritu handiagoa izan dute, gainera, gasteiztarrek, Lampe etxean geratu baita, gastroenteritisak jota.
Nemanja Bjelica izan da bigarren laurdeneko protagonista nagusia. Jokalari serbiarraren jokoak eta, batik bat, hirukoek zutik jarri dituzte Buesa Arenako zaleak. Atsedenaldian, jaun eta jabe zen Baskonia (52-39).
Rudy Fernandezen lidergopean, markagailuan hurbildu da talde zuria hirugarren laurdenean, eta azken laurdenari lau puntuko aldearekin ekin dio Gasteizko taldeak (73-69). Amaierarako zortzi minuturen faltan, norgehiagoka berdindu du Real Madrilek (75-75). Une horretatik aurrera, gehiago izan da talde zuria eta garaipena eskuratu du.
Carroll, 25 punturekin, izan da neurketako saskiratzaile nagusia, eta balorazio onena Rudy Fernandezek jaso du (25).
Fitxa teknikoa:
92 - Caja Laboral (21+31+21+19): Heurtel (7), Causeur (7), Nocioni (17), M. Bjelica (13), Pleiss (5)-hasierako bostekoa-, Cook (1), San Emeterio (19), N. Bjelica (19), Jelinek (4).
100 - Real Madril (18+21+30+31): Llull (12), Rudy (21), Suarez, Slaughter (4), Hettsheimeir -hasierako bostekoa-, Rodriguez (8), Mirotic (11), Reyes (11), Carroll (25), Begic (6), Draper (2).