Itxi

Barçaren kontra galdu ostean

Baskoniak besteen emaitzen zain egon beharko du sailkapena lortzeko

Erredakzioa

Final-laurdenetarako sailkatzeko, Euroligako hurrengo bi partidak nahitaez irabazi behar dituzte Khimkiren eta Montepaschiren kontra, eta, ondoren, besteen emaitzek euren alde egiteko itxaron.

Bartzelonaren kontra galdutako partidak Baskoniaren aukerak urritu ditu. Efe.

Caja Laboral Baskoniak Top 16ko azken bi partidak irabazi egin behar ditu, baina horrek ere ez dio final-laurdenetarako txartela ziurtatuko, izan ere arerioen emaitzen zain egon beharko du.

Ostegunean Bartzelonan izandako porrotaren ondorioz, Zan Tabaken gizonak estu eta larri daude. Sei partida irabazi eta beste sei galdu dituzte; datorren astean Moskura bisita egin beharko dute Khimkiren kontra jokatzeko eta ondorengoan Montepaschi hartuko dute Buesa Arenan.

Gainera, Khimkiren kontrako norgehiagokan errusiarrek Buesa Arenan lortutako 12 puntuko abantailari buelta eman beharko diote. Khimki 71 eta 83 gailendu zen Gasteizen.

Hori gutxi balitz, Baskoniaren etorkizuna beste lau talderen eskuetan dago, guztiek baitituzte aukerak final-laurdenetarako sailkatzeko.

Montepaschi eta Olympiacos, arerio nagusiak

Aukera gehien Montepaschi eta Olympiacos taldeek dituzte, arabarrek baino garaipen bat gehiago dutelako. Biek gaur jokatu behar dute Besiktasen ta Makabiren aurka, hurrenez hurren.

Khimkik, aldiz, Fenerbahçe hartuko du. Turkiarrek ez dute inolako aukerarik eta Gasteizen emandako itxura eskasa ikusita, oso zaila dute errusiarrei Moskun gailentzea.

Albisteak (1)