Azkenengo jardunaldia
Laboral Kutxa berandu esnatu da (99-94)
Erredakzioa
Zan Tabaken mutilek fase erregularreko azkenengo norgehiagoka merezita galdu dute CB Canariasen kontra. Playoffetan, Baskoniak Herbalife Kanaria Handiaren aurka jokatuko du.
Laboral Kutxa Baskoniak porrota jaso du CB Canariasen aurka (99-94), Endesa Ligako fase erregularreko azkenengo neurketan. Tabalen mutilak oso berandu esnatu dira, eta Kanarietako taldeak merezitako garaipena lortu du zaleen aurrean. Playoffetako final-laurdenetan, Baskoniak Herbalige Kanaria Handiaren kontra arituko da.
CB Canariasek oso indartsu hasi du norgehiagoka, baina Zan Tabaken mutilek markagailuari eustea lortu dute (14-10). San Emeterio aulkitik irten da, eta kantabriarrak partida orekatu egin du, hiruko garrrantzitsu batekin (18-18). Baskoniak markagailuan alde egiteko ahalegina egin du, baina Kanarietako taldea sendo mantendu da kantxan (27-27).
Talde horiak erasoan min handia egin dio Laboral Kutxari, bigarren laurdenean, eta markagailuan aise agindu du (37-31). Gasteizko taldeak ezin izan du erantzun sendorik eman, eta CB Canariasek 10 puntuko aldea eskuratu du (55-45). Atsedenaldian, Tabaken gizonak (59-47) markagailuan azpitik joan dira.
Atsedenaldiaren ostean Nocionik bere laugarren falta egin du, eta Kanarietako taldeak erasoan gogor jokatzen jarraitu du (61-50). Laboral Kutxa ezinean aritu da defentsan, eta horiek markagailuko aldea aise handitu dute (68-54). Hirugarren laurdena 82-70eko markagailuarekin bukatu da, Tenerifen.
Azkenengo laurdenean gogor sakatu du Arabako taldeak erasoan, eta San Emeteriok puntu oso garrantzitsuak lortu ditu (89-80). Baskoniako kapitainak eta Lampek taldea erasoan gidatu dute, eta lau puntura jarri dira (89-84). Maciej Lampek bi puntura jarri du Laboral Kutxa (93-91), baina Canariasek garaipena, merezita eskuratu du (99-94).
- Fitxa teknikoa:
99. CB Canarias (27+32+23+17): Uriz (7), Richotti (10), Rost (19), Sekulic (16), Donaldson (2) -hasierako bostekoa-, Guillén (14), Bivia (7), Sergio Rodriguez (5), Chagoyen (-), Lampropoulos (17) eta Baez (2).
94. Laboral Kutxa (27+20+23+24): Cook (2), Causeur (11), Nocioni (4), N. Bjelica (10), Lampe (25) -hasierako bostekoa-, M. Bjelica, San Emeterio (27), Pleiss (4), Heurtel (9) eta Jelinek (2).