Laboral Kutxa, arriskuan
Querejeta: 'Diru-laguntzarik gabe ezin izango dugu lehian jarraitu'
Erredakzioa
"Guztion parte-hartzea" eskatu du, bestela "guztia behera etorriko da eta ezin izango dugu maila bakar batean ere lehiatu". Saski Baskoniak 11 milioi euroko aurrekontua du aurten.
Josean Querejeta Saski Baskonia presidenteak erakunde publiko zein pribatuen "inplikazioa" eskatu du, Laboral Kutxak "lehian jarraitu ahal izateko". Horrelakorik ez bada, Queretaren hitzetan, "ondorio ekonomiko eta sozialak izango ditugu, eta lanpostuak arriskuan geratuko dira".
Querejetak Saski Baskoniaren egoera ekonomikoa aztertu du asteazken honetan. Taldeak 11 milioi euroko aurrekontua du denboraldi honetarako. Azken denboraldietan, murrizketak izan dira aurrekontuan.
Gauzak horrela, Baskoniako presidenteak esan du Gasteiz bezalako hiri txiki batek Laboral Kutxaren mailako taldea izatea nahi badu, horretarako "testuinguru social eta ekonomikoa" behar duela, eta taldea "nazioartean izena izaten jarraitzea nahi izanez gero, guztion parte-hartzea ezinbestekoa da".
"Babesik lortzen ez badugu, proiektu guztia behera etorriko da eta ezin izango dugu maila bakar batean ere lehiatu". Horrez gain, "ekonomia eta gizarte mailan ondorioak" aurreikudi ditu, Baskonian lan egiten dutenen lanpostuak (300 inguru) arriskuan jarriko direlako".