Euroliga 13/14
Laboral Kutxa VS. Maccabi, Euroliga martxan da
Erredakzioa
Sergio Scarioloren gizonek ezin dute huts egin Gasteizeko partidetan, Top 16rako txartela lortu ahal izateko. Neurketa osteguneko 20:45ean hasiko da, Buesa Arenan (zuzenean eitb.com-en).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laboral Kutxak garaipenarekin ekin nahi dio Euroligari Maccabiren aurka. Lehen partida ostegunean jokatuko du Baskoniak, Gasteizen, osteguneko 20:45etik aurrera. Sergio Scarioloren gizonek ezin dute huts egin etxean jokatuko duten neurketetan Top 16rako txartela eskuratu ahal izateko; bigarren fasean egotea da, hain zuzen ere, arabarren lehen helburua aurtengo Euroligan.
Baskoniak ez du oraindik irabazterik izan Buesan denboraldi honetan; izan ere, Superkopan Bartzelonak eraman zuen garaipena, Gasteizen, eta beste horrenbeste erdietsi zuen Kanaria Handiak Endesa Ligako lehen jardunaldian. Maccabiren aurka joera aldatu ahal izateko, Scariolok talde osoa du bere eskura, Daniel Clark izan ezik: lesio bat du belaunean eta azken orduko baja da.
Maccabik, bere aldetik, taldea eraberritzearen eta sendotzearen aldeko apustua egin du azken udan zehar. Israelgo saskibaloia berriro menperatzeko asmoarekin, Schortsanitis jokalari grekoa eta Joe Ingles Bartzelonako jokalari ohia berreskuratu ditu. Taldean, dena den, Hickman eta Devin Smith ere daude, oraindik; bi gizon horiek dira Maccabiren baliabiderik nagusienak eta arriskutsuenak.
Saskiaren azpiko borroka handia izan liteke bi taldeek dituztelako jokalari onak hor gogor lehiatzeko: Schortsanitis eta James, Maccabiren aldetik, eta Pleiss eta Hamilton, Baskonian.