Endesa Liga
Porrot galanta hartu du Laboral Kutxak Cajasolen aurka (82-62)
Erredakzioa
Sergio Scarioloren mutilek partida negargarria jokatu dute eta ez dira arerio izan andaluziarrentzat. Lehen zati osoan 25 puntu bakarrik sartu dituzte gasteiztarrek.
Laboral Kutxak burua altxa ezinda jarraitzen du eta garaipena merke saldu dio Sevillako Cajasol taldeari. Andaluziarrak lehen aldiz gailendu dira aurtengo denboraldian.
Partida bigarren laurdenean erabaki dute Sevillarrek. Alde handia zabaldu dute markagailuan, eta gasteiztarrek ez dute zuloa murrizteko modurik ez gaitasunik agertu.
Atsedenaldian, Sergio Scarioloren taldearen estatistikak negargarriak izan dira: 14 hiruko jaurti eta bakarra saskiratu dute. Ez hori bakarrik; 25 puntu egin dituzte lehen bi laurdenen amaieran.
Arabarrek hobera egin dute hirugarren laurdenean, batez ere Nocioniren bultzadari esker, baina ez da nahikoa izan. Cajasolek erraz jokatu du, eta garaipena merezita erdietsi du, 20 puntuko aldearekin: 82 eta 62.
Fitxa teknikoa
82 - Cajasol (19+21+19+23): Satoransky (11), Bamforth (20), Mata (18), Williams (11), Porzingis (12), -quinteto inicial-, Franch (7), Burjanadze (0), Hernangómez (0) eta Balvin (3).
62 - Laboral Kutxa (15+10+23+14): Hodge (10), Jelinek (4), Nocioni (13), San Emeterio (7), Pleiss (13) -quinteto inicial-, Kaukenas (7), Kelati (0), Bjelica (8), Mainoldi (0) eta Van Oostrum
(0).