Euroliga
Laboral Kutxa Europako 16 onenen artean sartu da
L.E. | eitb.com
Scarioloren mutilek eskatutakoa bete eta Lietuvos Rytas mendean hartu dute 79 eta 63. Izar Gorriak Panathinaikosen aurka jasotako porrotak matematikoki sartu ditu arabarrak 16 onenen artean.
Laboral Kutxa Baskonia Euroligako 16 talde onenen artean sartu da, lehen fasea amaitzeko bi partida falta direnean. Gasteiztarrei, hala ere, kosta egin zaie Lietuvos multzoko azken sailkatuari gailentzea.
Oreka izan da nagusi lehen laurdenean. Lituaniarrek aurrea hartu dute markagailuan 0 eta 6, baina gasteiztarrek aldea murriztea lortu dute minutu gutxitan. Baskoniak lan bikaina egin du defentsan eta gauzak asko zaildu dizkio multzoko azkenari erasoan, baina Lietuvos ez da atzean geratu. 18-17 amaitu da lehen laurdena, Hamiltonek azken segundoetan sartutako hirukoari esker.
Bigarren laurdenean bazirudien Laboral Kutxak aldea zabaldu behar zuela (28-24 jarri da auuretik atsedenaldirako 4 minutura) baina azkenean talde lituaniarra izan da atsedenaldira abantailarekin iritsi dena: 30-38. Zortzi puntuko aldea zabaldu dute azken minutuan.
Atsedenaldiaren ostean, 15 eta 2ko partziala egin dute Scariolorenek eta 45 eta 40 jarri dira aurretik. Hala ere, Lietuvosek bereari eutsi dio eta 49ra berdintzea lortu du. Baloi asko galdu dituzte arabarrek eta horrek min handia egin die. Dena den, 53 eta 49 nagusitu dira hirugarren laurdenean.
Azken laurdenean eman dute behin betiko kolpea arabarrek. 18 puntuko aldea zabaltzea ere lortu dute, aurreko laurdenetan lortu ez dutena. Eta lituaniarrek, orain bai, amore eman dute. Azkenean, 79-63 Laboral Kutxaren alde.
Jardunaldia borobiltzeko, Izar Gorriak galdu egin du Panathinaikosen etxean jokatutako neurketa eta horrek matematikoki sailkatu ditu arabarrak 16 onenen artean.