Itxi

Euroliga

Laboral Kutxa baino gehiago izan da Panathinaikos Buesa Arenan (64-72)

Erredakzioa

Greziarren barne joko indartsuak eta defentsan egindako hutsek gasteiztarren porrota eragin dute. Giuseppe Poetak debuta egin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lamont Hamiltonen hutsunea gehiegi igarri du Laboral Kutxak eta Panathinaikosen partida galdu egin du, 64-72, Buesa Arenan jokatutako Euroligako partidan.

Lehen laurdenean lehia bizia izan da bi taldeen artean, baina greziarrak arabarrak baino gehiago izan dira. Defentsa zorrotza egiten dute, eta erasoan kalitate handiko jokalariak dituzte. Baskoniak ondo eutsi die lehen minutuetan, partida berdinduz (8-8) eta momento batean ere aurretik jarrita (13-12), baina greziarrek gauzak bere lekuan jarri eta 7 puntuko abantaila lortu dute lehen 10 minutuen amaneran: 17-24.

Bigarren laurdenean lortu dute gasteiztarrek markagailuko aldea murriztea. Bi puntura iritsi dira atsedenaldira: 32-34. Hala ere, jokoaren kontrolak greziarrena izaten jarraitu du, nahiz eta, aurreko laurdenarekin alderatuta, jokoa dezente moteldu. Nocioni ondo babestuta izan du Panathinaikosek, eta arabarren zonakako defentsa ahulak ere erraz jarri dizkie gauzak zenbait momentutan.

Azken aldian ohikoa denez, arabarren erreakzioa atsedenaldiaren ostean heldu da. 9 eta 1eko partziala egin eta sei puntuz aurretik jarri dira aurretik Baskoniarrak. Baina greziarrak ez dira urduri jarri eta denbora gutxian berdinketa lortu dute (41-41). Laboral Kutxak defentsan arazoak izaten jarraitu du; hala ere, abantailarekin iritsi da azken laurdenera (58-42), Jelinekek azken segundoan bere kantxatik sartutako hiruko ikusgarriari esker.

Laugarren eta azken laurdenean, Panathinaikos nagusi izan da, berriro ere. Baskoniak ez ditu defentsan izan dituen hutsak zuzendu, eta une garrantzitsuenetan kontzentrazio puntu bat ere falta izan zaie. Gauzak horrela, amaierarako 3 minuturen faltan, greziarrak 56-65 izan dira aurretik, eta abantailari amaiera arte eutsi diote, arazo handirik gabe: 64-72. Giuseppe Poeta antolatzaile italiarrak debuta egin du arabarrekin.

Fitxa teknikoa:

64 - Laboral Kutxa (17+15+20+12): Heurtel (13), Causeur (5), San Emeterio (7), Nocioni (8), Pleiss (17)-hasierako boskotea-, Hodge, Jelinek (6), Mainoldi, Poeta, Diop (2).
72 - Panathinaikos (24+10+14+24): Ukic (4), Diamantidis (12), Maciulis (2), Lasme (20), Gist (10)-hasierako boskotea-, Fotsis (5), Batiste (4), Bramos (5), Curry (10), Pappas, Giankovits.

Albisteak (2)

Bideoak (1)