Itxi

Errege Kopa 2014

Laboral Kutxa finalerdietatik kanpo geratu da (74-73)

Leire Etxazarra | eitb.com

Gasteiztarrek azken laurdenean galdu dute norgehiagoka, partida osoan aurretik egon ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Laboral Kutxak porrot mingarria jaso du Malagan, Errege Kopako final-laurdenetan. Scarioloren mutilek puntu bakar bategaitik galdu dute Valentzia egungo azpitxapeldunaren aurka (74-73).

Gasteiztarrek ederto hasi dute partida; erasoan erraz aritu dira, eta, ondorioz, erraz zabaldu dute aldea markagailuan. 11 puntuko abantaila ere izan dute. Valentziari kosta egin zaio biko saskiratzeak egitea; 8. minutura arte hirukoak sartuta eutsi diote nola edo ahala arabarren erritmoari. Laurdena 17 eta 26ko emaitzarekin amaitu da.

Bigarren laurdenaren hasieran, gauzak zertxobait orekatu dira. Valentziak hobera egin du eta aldea murrizten joan da, gasteiztarren lasaitasuna aprobetxatuta. Gauzak horrela, bost puntura jartzea lortu dute (23-28), baina boladak ez du jarraipenik izan: Nocionik eta Pleissek taldea partidan sartu dute berriro. Atsedenaldian, 35 eta 45 izan dira aurretik.

Hirugarren laurdenean gauzak gutxi aldatu dira. Valentziak aldea berriro murriztea lortu du (48-51), Lafayette-Ribas bikotearen lanari esker. Baina Baskonia berriro suspertu da eta zazpi puntuko abantailarekin eman dio hasiera azken laurdenari (55-62).

Azken laurdena, erabakigarria

Valentzia arabarrak baino gehiago izan da azken 10 minutuetan. Pleiss kanporatu egin dute eta erasoko errebotean jaun eta jabe izan dira. Ondorioz, 71 eta 69 aurreratu dira, bigarren aldiz jarri dira aurretik, hasierako 3 eta 2koaren ostean.

Bukaeran urduritasuna eta emozioa izan dira nagusi. Laboral Kutxak bi puntuko aldea izan du amaierarako (71-73) amaierarako 41 segundoren faltan. Baina Lafayetten saskiratze batek eta San Emeterioren faltak finalerdietan sartzeko aukera guztiak uxatu dituzte: 74-73.

Albisteak (3)

Bideoak (1)