Euroliga Top 16
Laboral Kutxak porrot mingarria jaso du Istanbulen (98-64)
Erredakzioa
Baskoniaren gabeziak nabarmenak izan dira Fenerbahçeren aurkako partida garrantzitsuan, eta 34 puntuko aldeak Europan jarraitzeko aukerak ezabatu ditu.
Laboral Kutxak Top 16ko lau onenen artean sailkatzeko aukera guztiak galdu ditu, Istanbulen Fenerbahçeren aurka galduta (98-64). Neurketan oso joko txarra ikusi da, eta markagailuan alde handia.
Hasieran ihes egin du Fenerbahçek, baina Laboral Kutxa piztu egin da eta sentsazio onak erakutsi ditu lehenengo laurdenean. Defentsan gaizki aritu da Fenerbahçe, eta Baskoniak aprobetxatu egin du. Istanbuleko taldeak ihes egin arren, Hodgeren saskiratze batek berdinduta utzi du markagailua: 24-24. Puntu gehiegi banatu dira lehenengo laurdenean.
2. laurdenean, hala ere, oso galduta atera da Baskonia. Ezinean aritu da, Fenerbahçeren jokaldiak ezin defenditu. Hainbeste nahastek aldea nabarmen handitu dute. Etxeko taldeak 20 bat puntu gehiago egin ditu 2. laurdenean, Baskoniaren defentsaren antolaketa txarrari esker. Arabarrak esnatu direnerako, ezin izan dute aldea txikitu, eta partida atsedenaldira heldu denerako alde handia zegoen markagailuan.
Ez batak ez besteak ez dute neurketa ona jokatu: fisikoki justu aritu dira, jokalari garrantzitsuen lesioak nabaritu dituzte, eta biek egin dizkiote opariak aurkariari. Zailtasun handiak erakutsi ditu Laboral Kutxak jokoa antolatzeko. Baskonia ez da hutsak egiten bakarra izan, baina Fenerbahçek 2. zatian aldea kudeatzen asmatu du, eta baita handitu ere.
Hondamendia bukaerara arte luzatu da, eta azkenean Gasteizko taldeak bere historian Euroligan inoiz lortu duen markagailu okerrenetakoa lortu du; beste bi partidatan baino ez du alde handiagoarekin galdu. Laboral Kutxak partida bakarra irabazi du sei jardunalditan, eta hurrengo fasera igarotzeko aukera guztiak galdu ditu.
FITXA TEKNIKOA
98 - Fenerbahçe Ulker: McCalebb (13), Preldzic (8), Bogdanovic (17), Kleiza (10), Zoric (13) -hasierako bostekoa-, Bjelica (14), Onan (9), Mahmutoglu (9), Birsen, Turkyilmaz (5), Olmaz.
64 - Laboral Kutxa: Hodge (13), Jelinek (5) San Emeterio (7) Nocioni (8), Pleiss (14) -hasierako bostekoa-, Van Oostrum, Causeur (6), Hanga (3), Mainoldi (3), Diop (5).
Partzialak: 30-24, 29-14, 23-17, 16-9.