Ibilbide laburra
Lamar Odom, bi hilabeteko bajarekin, Baskoniatik kanpo geratuko da
Erredakzioa
Estatu Batuetako jokalariak gerrialdeko lesioa du, eta Baskoniarekin duen 'kontratuzko harrema bukatu da', taldeak adierazi duen moduan.
Lamar Odomen lesioa baieztatu du Baskoniak, eta taldetik kanpo geratuko da. New Yorkera joan zen Odom, medikuen bigarren iritzi baten bila. Bi hilabetez egongo da jokatu gabe, gerrialdeko lesio batengatik, eta ezin izango du Laboral Kutxara itzuli kontratua bukatu baino lehen. Lehenago iragarritako albistea baieztatu du Gasteizko klubak.
Lamar Odomen eta Baskoniaren arteko kontratua bi hilabetekoa da, eta jokalaria sendatu baino lehen bukatuko da. Horregatik, "kontratuzko harremana bukatu" dela adierazi du Baskoniak. Estatu Batuetan sendatuko da Odom.
Lesioak ondo sendatzea espero du Laboral Kutxak, eta jokalaria berriz itzultzeko aukera "zabalik" utzi nahi izan du, "lesioaren eboluzioaren arabera". Era berean, "Odomen konpromisoa" eskertu du taldeak.