Endesa Liga
Baskoniak seigarren postua ziurtatu nahi du, Fuenlabradaren aurka
Erredakzioa
Endesa Ligako fase erregularraren azken jardunaldian hartuko du Laboral Kutxak Madrileko taldea. 6. sailkatuak Bartzelona izango du aurkari.
Baskoniak Fuenlabradari irabazi nahi dio, igandean 12:30etan, Endesa Ligako fase erregularraren azken jardunaldian seigarren postua ziurtatzeko. Irabazten badute, gasteiztarrek ez dute beste emaitzen zain egon beharko, eta Bartzelona izango dute aurkari playoffetan, sailkapenean hirugarren baitago. Partida zuzenean emango dute ETBK-k eta eitb.com-ek.
Fuenlabradak Gasteizen irabazi zuen azken aldia 1999an izan zen. Luzapenean lortu zuen garaipena (93-96). Fuenlabradaren kontra galduz gero, zazpigarren edo zortzigarren gera daitezke baskonistak. Madrildarrek, salbatuta, ez dute ezer jokoan.
Alex Renfroe etxean estreinatuko da, Buesa Arenako zaleen aurrean. Zaragozan egin zuen debuta, eta hiruko bat sartu zuen 13 minututan. Sergio Scariolok jokalarien egoera findu nahi du. David Jelinekek lekua galdu du entrenatzaileen txandaketetan. Badirudi Scariolok ez duela taldean sartuko denboraldiko azken txanpan.