86-74
Baskoniak lehen garaipena lortu du Bilbao Basketi irabazita
Erredakzioa
Bilbotarrak izan dira nagusi lehen laurdenean, baina Baskoniaren jokoak hobera egin du minutuek aurrera egin ahala eta garrantzi handiko garaipena eskuratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laboral Kutxak ligako bere aurreneko garaipena lortu du, Buesa Arenako euskal derbian Bilbao Basket gaindituta (86-74).
Bilbotarrek indartsu hasi dute partida Gasteizen, ondo kokatuta eta Baskoniari mina eginez. Heurtelek ez du gidaritza zuzena topatu, eta Bilbao Basketek hamar puntuko errenta lortu du aurreneko laurdenean (13-23). Raul Lopez maila altuan aritu da.
Suspertu egin da Marco Crespiren taldea bigarren laurdenean eta markagailuan aurretik jarri da. Tillie eta San Emeterio erabakigarriak izan dira, eta Bertansen hirukoak borobildu du etxekoen laurden bikaina (41-34).
Baskoniak bigarren laurdeneko jokoari jarraipena eman dio hirugarrenean, eta Bertans izan da berriro ere protagonista azken segundoan hirukoa sartuta. Azken laurdenari bederatzi puntuko errentarekin egin dio aurre etxeko taldeak (62-53).
Sito Alonsoren taldeak ez du amore eman eta arriskuarekin hurbildu da markagailuan, baina orduan agertu da Baskoniaren nortasuna partida erabakita uzteko. San Emeterio izan da saskiratzaile nagusia, 15 punturekin, eta berak jaso du ere baloraziorik altuena (32).
Fitxa Teknikoa:
86 - Laboral Kutxa (13+28+21+24): Heurtel (10), Johnson (7), Bertans (12), Shengelia (6), Iverson (7) -hasierako bostekoa-, Perkins (10), Causeur (4), Hamilton (9), San Emeterio (15), Tillie (6).
74 - Bilbao Basket (23+11+19+21): Colom (13), Bertans (9), D. Todorovic, M. Todorovic (8), Hervelle (4)-hasierako bostekoa-, Borg (2), German Gabriel, Mumbru (13), Williams (9), Raul Lopez (10), Andusic, Wragge (6).