Galatasarayren aurka
Baskoniak garaipen landu eta garrantzitsua lortu du (91-90)
Erredakzioa
Partida parekatua izan da, eta azken segundoetan erabaki da. Crespiren taldeak intentsitate handiko neurketa jokatu du, eta Iversonena izan da garaipenaren saskiratzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laboral Kutxak Euroligako bere bigarren garaipena eskuratu du Buesa Arenan jokatutako hirugarren jardunaldian Galatasarayri irabazita (91-90).
Maila handiko lehen laurdena Gasteizen. Marco Crespiren taldeak lan ona egin du, eta turkiarrek ezin izan dute alde aipagarririk lortu. Lehen laurdenaren amaieran, puntu bat goitik ziren bisitariak (23-24).
Bigarren laurdena oso parekatua izan da, eta Baskonian Vujacic izan da protagonistetako bat. Esloveniarrak ez du bere debutean huts egin. Errebote guztiengatik borrokatu dira gasteiztarrak, aurkariaren jokoa oztopatuz, baina, hala ere, oso gutxi barkatu du Galatasarayk. Iverson eta Shengelia erabakigarri izan dira. Atsedenaldian, 47-49, eta zaleak, epaileen gehiegizko protagonismoarekin haserre.
Turkiako taldeak zortzi puntuko aldea eskuratu du hirugarren laurdenean (51-59), baina amaierarako hiru minuturen faltan neurketa berdindu du Hamiltonen saskiratzeak (64-64). Berdintasuna zen nagusia (70-70).
Norgehiagoka azken hamar minutuetan erabaki da. Partida erotu egin da. Partida bukatzeko minutu eta erdi geratzen zenean, eta 10-0eko partzialari esker, lau puntuko abantaila zuen Baskoniak (88-84), baina 13 segundoren faltan 89-90 jarri dira turkiarrak. Iversonena izan da garaipenaren saskiratzea (bi segundo geratzen ziren), baina sufritutako garaipena izan da, azken segundoan saskiratzeko zorian izan baita Galatasaray. Heurtel izan da partidako jokalari onena.
Fitxa teknikoa:
91 Laboral Kutxa (23+24+23+21): Heurtel (17), Causeur (7), Bertans (12), Shengelia (6), Iverson (17)-hasierako bostekoa-, Perkins (3), San Emeterio (8), Tillie (2), Hamilton (5), Vujacic (14).
90 Galatasaray (24+25+21+20): Arroyo (11), Guler (7), Micov (20), Erceg (24), Aldemir (14)-hasierako bostekoa-, Gonlum (5), Vougioukas (4), Aradori (2), Arslan (3).