Itxi

Euroliga (4. jardunaldia)

Baskonia ez da Valentzian irabazteko gai izan (79-69)

Erredakzioa

Lehen laurdenean joko ona eskaini dute gasteiztarrek, baina hortik aurrera Baskonia baino gehiago izan da etxeko taldea eta lehen garaipena lortu du.

Valentzia Basket-Baskonia. Argazkia: EFE

Laboral Kutxak porrota jaso du Valentzia Basketen aurka (79-69), Euroligako laugarren jardunaldiko neurketan.

Ondo jokatu dute baskoniarrek lehen laurdenean, sendo defentsan eta errebotean adi. Crespriren taldea hamaika puntuko errenta izatera iritsi da, baina etxekoek aldea murriztu dute azken segundoetan (15-22).

Shengelia izan da bigarren laurdenaren hasierako minutuetan onena, kontraerasoan Valentzia suntsituta. Perasovicen taldeak Pau Ribasen lanari esker jarraitu du neurketan sartuta, eta gasteiztarren beherakada baliatu du markagailuan aurretik jartzeko (36-34, atsedenaldirako 2:46ren faltan). Laurdena 38-36 bukatu da.

Valentzia Baskonia baino gehiago izan da hirugarren laurdenean, barne-joko eskasa egin du, eta hirukoei esker bakarrik eutsi dio neurketaren erritmoari. Etxeko taldean, Harangody izan da erabakigarria.

Hasiera kaskarra eman diote bi taldeek azken laurdenari. Laboral Kutxa markagailuan hurbildu da (65-61), baina Valentziak berehala handitu du errenta. Amaierara heltzeko hiru minutu geratzen zirenean, hamar puntu goitik zen etxeko taldea (75-65). Baskonia ez da markagailuari buelta emateko gai izan. Harangody izan da neurketako saskiratzaile nagusia, 23 puntu eginda.

Fitxa teknikoa:

79 - Valentzia Basket (15+23+27+14): Van Rossom (14), Rafa Martinez (1), Lucic (2) Harangody (23), Dubljevic (13) -hasierako boskotea- Ribas (11), Sato (2), Vives (4), Loncar (7) eta Aguilar (2)

69 - Laboral Kutxa (22+14+20+13): Heurtel (11), Vujacic (7), Bertans (8), Shengelia (20), Iverson (5) -hasierako boskotea- Causeur (2), Perkins (2), Tillie (8) eta San Emeterio (2) eta  Hamilton (4).

Albisteak (2)