Euroliga
Izar Gorriak sarraskia egin dio Laboral Kutxari (66-86)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Gasteiztarrek merezita galdu dute eta hirugarren porrota jaso dute aurtengo Euroligan. Belgradoko taldea jaun eta jabe izan da Buesa Arenan.
Laboral Kutxa Baskoniak irudi oso kaskarra eman du Buesa Arenan Izar Gorriaren aurka, Euroligako bosgarren jardunaldian. Defentsan desagertuta eta erasoan oso ahul aritu da talde arabarra.
Marco Crespiren taldeari kosta egin zaio partidan sartzea. Lehen laurdenean atzetik izan dira ia denbora osoan, baina Izar Gorria aldea zabaltzen ari zenean, San Emeterioren hiruko batek arriskua uxatu eta partida haustea galarazi du (16-17). Lehen 10 minutuen amaieran, arabarrek puntu bateko aldea izan dute (22-21).
Hala ere, bigarren laurdenean Belgradoko taldea nagusi izan da: kontraerasoko jokoari etekina atera diote eta errebotean ere nagusi izan dira. Ondorioz, 9 puntuko aldea zabaltzea lortu dute (28-37). Laboral Kutxa Baskoniak, aldiz, huts ugari egin ditu, eta atsedenaldira 7 puntu azpitik iritsi dira (34-41).
Arabarren ahultasuna eta Belgradokoen sendotasuna agerian geratu dira hirugarren laurdenean. Belgradokoek erritmoa, jokoa, defensa eta erasoa kontrolpean izan dituzte; Baskonia, aldiz, aurrera egin ezinda ibili da. Gauzak horrela, 18 punturainoko aldea ere izan dute kanpotarrek (42-60).
Azken laurdena 16 puntu atzetik hasi dute baskonistek (50-66). Baina emaitza iraultzeko itxaropèn apurrak berahala uxatu dituzte Belgradokoek. Minutu gutxi batzutan 25 puntuko zulao egin baitute markagailuan (55-80). Crespiren mutilek amore eman dute eta irudi benetan kaskarra eman dute Buesa Arenan izan diren zaleen aurrean. Gauza asko hobetu behar ditu Josean Querejetaren taldeak.
Amaieran, beraz, 66 eta 86, hirugarren porrota arabarrentzat Euroligan.