Euroligako Top 16a
Baskoniak kale egin du CSKA indartsuaren aurka (74-81)
L.E. | eitb.eus
Ibon Navarroren taldeak lehen zati ona jokatu du, baina hiruharren laurdenean ohiko krisia izan du eta errusiarrek neurria hartu diete.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laboral Kutxa Baskoniak 74 eta 81 galdu du Moskuko CSKAren aurka, Euroligako Top 16an jokatutako partida. Talde sendoa da errusiarra, Euroligako onenetakoa, eta hori argi eta garbi ikusi da Buesa Arebano norgehiagokan, azken minutuetan batez ere.
Gasteiztarrek lehen laurden bikaina jokatu dute, lehen minutuak nahasiak izan diren arren.Ibon Navarroren taldea jaun eta jabe izan da: trantsizio azkarrak, taldeko defentsa lan serioa eta baloi lapurretak izan dira arabarren oinarria, hiruko saskiratzeetan agertutako trebeziarekin batera. Gauzka horrela, lehen 10 minutuen amaieran, Laboral Kutxa 27 eta 15 izan da aurretik.
Bigarren laurdenean, baskonistek huts gehiago egin dituzte paseetan, eta errusiarrek ondo aprobetxatu dute egoera markagailuko aldea murrizteko. Errusiarrak sei puntu atzetik iiritsi dira atsedenaldira: 42-36.
Arabarrek ohiko krisia izan dute hirugarren laurdenean, eta Moskuko taldeak ondo baino hobeto aprobetxatu du hori emaitza berdindu eta markagailua iraultzeko. 44 eta 45 aurreratu dira, eta, hortik aurrera, oreka izan da nagusi laurden osoan.
Azken 10 minutak gutxieneko abantailarekin hasi ditu CSKAk (55-56). Hala ere, Baskoniak behera egin duen bitarten, errusiarrek gora egin dute, eta horrek eragin zuzena izan du markagailuan ematen ziren aldaketekin. Amaierarako bi minuturen faltan bi taldeak 71na izan dira, baina CSKAk sendotasun handiagoa erakutsi du, eta garaipenak ez die ihes egin: 74-81, azken emaitza.
azken emaitza.