Endesa Liga
Kanporaketa zirraragarri bezain korapilatsua espero du Laboral Kutxak
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan, 21:00etan, talde gasteiztarrak lehia bizia du Unicajaren aurka, play-offetako finalerdietarako txartela jokoan delarik.
Laboral Kutxak indar guztiak bateratu eta Unicajaren aurkako norgehiagokan garaipena du xede. Izan ere, hura barik ezingo da play-offetako finalerdietan sartu eta Bartzelonaren aurka jokatu. Horrexegatik, astelehen honetan, 21:00etan, dena eman beharko du Martin Carpenan, final-laurdenetako hirugarren partida honetatik garaile ateratzeko.
Bien arteko azken partidan, Unicajak irabazi zuen (69-55), baina Buesa Arenan lehiatutako lehenengoan, Baskoniak irabazi zuen. Beraz, hirugarren honetan, dena dago jokoan eta airean. Unicajak etxean jokatzea du alde, eta iaz ere jokatu zituen finalerdiak, baina gasteiztarrak ez dira horren beldur eta garaipen gosez dihardute lanean.
Laboral Kutxak Martin Carpenan irabazi zuen azken aldia 2007-08 denboraldian izan zen. Ligako partida batean 77-89 irabazi zuen bertan, eta 2008ko maiatzaren 15ean, titulua jokoan zela, 82-83 gailendu zen Baskonia.