Herbaliferen aurka (77-67)
Laboral Kutxak laugarren garaipena jarraian lortu du
Erredakzioa
Baskoniak 77-67 irabazi dio Kanaria Handiko taldeari eta Endesa Ligan porrotik ezagutu gabe jarraitzen du.
Laboral Kutxa Baskoniak 77-67 irabazi dio Herbaliferi Buesa Arenan eta laugarren garaipena jarraian lortu du Endesa Ligan. Gasteizeko taldeak ez du porrota ezagutzen oraindik.
Herbalifek hobeto jokatu du lehen laurdenean. Baskoniari partidan sartzea kostatu zaio, eta kanariarrek bost puntuko aldea (11-16) lortu dute laurdenaren azken txanpan. Perasovicek zuzentzen duen taldeak, ordea, aldeak murriztea lortu du lehen hamar minutuen amaieran (20-19).
Bigarren laurdenean, Laboral Kutxak defentsa gogortu du, eta Mike Jamesen saskiratzeei esker bederatzi puntuko aldea lortu du (30-21). Herbalife, ez da behera etorri eta Kanaria Handiko taldeak, desabantaila abantail bihurtzea lortu du 0-11ko partzialarekin (30-32). Atsedenaldira iritsi orduko parekotasuna izan da nagusi, baina Baskonia abantailarekin joan da aldageletara (38-36).
Atsedenaldiaren ostean, bi taldeek huts asko egin dituzte, eta hirugarren laurdeneko hirugarren minutura arte ez dute saskiratzerik lortu. Adamsek sartu du laurden honetako lehen saskiratzea. Pangosen puntuek Herbalife partidan mantendu dute, eta Caseurrek etxeko taldearen abantaila mantentzea lortu du (59-55).
Azken laurdenaren hasieran Caseurrek laugarren falta egin du. Ondorioz, Mike Jamesek hartu du erasoko jokoaren ardura. Baskoniak 5-7 puntu bitarteko abantaila mantendu du laurden guztian zehar eta azken minutuetan Omici adierazitako falta teknikoak Laboral Kutxaren garaipena erraztu egin du (77-67).
Fitxa teknikoa:
77. Laboral Kutxa (20+18+21+18): Adams (9), Causeur (16), Hanga (3), Tillie (4), Bourousis (12) -hasierako bostekoa- James (13), Diop (2), Blazic (5), Kangur (7) eta Corbacho (6).
67. Herbalife Gran Canaria (19+17+19+12): Pangos (16), Salin (12), Rabaseda (4), Baez (2), Omic (12) -hasierako bostekoa- Oliver (2), Savane (7), Newley, Pauli (7), Pablo Aguilar (5).
Epaileak: Antonio Conde, Oscar Perea eta Jordi Aliaga.
a Jordi Aliaga.