Euroliga
Baskoniak erraz irabazi dio Galatasarayri (80-103)
Agentziak | Erredakzioa
Arabako taldeak denboraldiko honetako Euroligako saskiratzeen marka hautsi du. Turkiarren entrenatzaileak kantxa utzi du partida hasi eta berehala.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Baskoniak garaipen bikaina lortu du Galatasarayren kantxan (80-103), bere denboraldiko saskiratzeen errekorra hautsita Europako txapelketan. Hasieratik bukaerara izan dira nagusi arabarrak, eta gainera, beren hirukoen marka ere hautsi dute, 14 sartuta.
Arabako taldea, sailkatuta jadanik, beste emaitzen zain dago laugarren postua eskuratu ahal izateko, Euroligako fase erregularra bukatzeko jardunaldi bakarra falta denean. Laugarren postuak kantxa faktorea emango lioke kanporaketetan.
Ilimane Diopek eta Kim Tilliek osatutako bikotea, 22 eta 24 puntuko balorazioarekin, taldea zuzendu dute, baina jokalari guztiak izan dira garrantzitsuak. Euroligako beren asistentzien errekorra ere hautsi dute, 29rekin.
Neurketa irekita hasi da, baina baskonistek nagusitasuna eskuratu dute lehen zati bikainari esker, 20 minutuan 60 puntu sartuta.
Atsedenaldiaren ostean, erritmoa berreskuratzen kostatu zaio Baskoniari, eta turkiarrek arabarren erasoa blokeatu dute. Baina azken laurdena bikaina izan da berriro Baskoniarentzat.
FITXA TEKNIKOA
Galatasaray: Guler (12), Schilb (6), Micov (8), Daye (11), Pleiss (7) -hasierako boskotea-, Tyus (14), Diebler (14), Preldzic (3), Korkmaz (3), Fitipaldo (-), Arar (-) eta Koksal (2).
Baskonia: Larkin (11), Hanga (11), Budinger (9), Shengelia (-), Voigtmann (15) -hasierako boskotea-, Blazic (3), Beaubois (8), Luz (6), Tillie (20), Diop (18), Laprovittola (2) eta Sedekerskis (-).
Partzialak: 21-27, 23-33, 22-20 eta 14-23.
2-20 eta 14-23.