Itxi

94-76, Estudiantesen aurka

Baskoniak lehen partida irabazi du bigarren laurden bikain bati esker

Erredakzioa

Leer en Castellano

Gasteizko taldeko bost jokalarik zenbaki bikoitzak lortu dituzte denboraldiko lehen garaipena ekarri duen norgehiagokan.

Tornike Shengelia Goran Sutonen barneraldia eragotzi nahian. Argazkia: EFE

Baskoniak bigarren laurden ezin hobea baliatu du Movistar Estudiantes azpiratu eta Pablo Prigioniren gidaritzapean lehendabiziko partida irabazteko (94-76), taldekide guztiek egindako lana dela medio.

Gasteizko taldeko bost jokalarik zenbaki bikoitzak lortu dituzte (Diop, Timma, Granger, Poirier eta Janning), eta Estudianteseko Sylven Landesberg hegalekoak egindako lana indarrik gabe utzi dute.

Pablo Prigionik sorpresa eman du hasierako bostekoarekin, bertan sartu baititu lesiotik osatu berri zeuden Tornike Shengelia eta Rodrigue Beaubois.

Bi taldeak txinpartarik gabe atera dira jokatzera, eta minutuak igaro ahala hasi dira erritmoa hartzen, baina batek ere ezin izan du bere jokoa egin, eta markagailua berdinduta joan da lehen laurdenean.

Alabaina, atsedenaldira heldu aurretik Matt Janningek jarraian sartu dituen bi hirukori esker, arabarrak aurretik jarri dira (20-19).

Prigioniren gizonek zeharo hobetu dute bigarren laurdenean, eta laguntzen bidez madrildarren zenbakiak okertzea lortu dute. Gainera, kanpoko lerrotik erakutsi duten abileziak (Johannes Voigtmannek hirukoetan izandakoa kasu) zuloa handitu dute, eta aldea gaindiezina bihurtu da Salva Maldonadok zuzentzen dituen gizonentzat. Tarte horretan, 21-3ko partziala egin dute Baskoniakoek, eta 49-29 joan dira atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, saskiratze trukea izan da nagusi, eta tarte horretan sendatuta daudela erakutsi dute Beauboisek eta Shengeliak.,

Madrildarrek ez dute amore eman, eta Brooklynen jaio zen Sylven Landesbergek erdietsitako saskiratzeen bitartez (14 puntu lortu ditu laurden horretan), bere taldea hurbildu egin da markagailuan (71-60).

Azken laurdenean, Estudiantesekoek beren jardunari eutsi diote eta Baskoniaren zalantzak eragin dituzte. Ondorioz, amaierara heltzeko sei minutu falta zirenean Ludde Hakansonek sartutako saskiratze batek bederatzi puntura jarri du bere taldea (75-66).

Orduan, gasteiztarren azken bultzada heldu da, 10-0ko partzialarekin, eta garaipena etxean geratzea eragin du; denboraldiko lehena.

Fitxa teknikoa:

Baskonia: 94 (20+29+22+23): Granger (11), Beaubois (9), Timma (12), Shengelia (6), Diop (15) —hasierako bostekoa—, Malmanis (3) Voigtmann (8), Janning (10), Poirier (10), Huertas (6), Delfino (2) eta Vildoza (2).

Movistar Estudiantes: 76 (19+10+31+16): Omar Cook (6), Brizuela (5), Lansdesberg (22), Suton (9), Arteaga (8) —hasierako bostekoa—, Peña (-), Cvetkovic (3), Vicedo (4), Caner-Medley (9), Alec Brown (8) eta Hakanson (2).

Epaileak: Carlos Cortes, Rafael Serrano eta Antonio Sacristan. Ez dute inor kanporatu.

Albisteak (3)