Euroligako 6. jardunaldia
Khimkik Baskonia azpiratu du Shveden gidaritzapean (91-90)
Erredakzioa
Arabarrek galdu egin dute Moskun, Khimkiren aurrean, ezin izan baitute gelditu azken laurdenean 14 puntu saskiratu dituen Aleksey Shveden jardun ona.
Baskoniak bere bolada ona eten du ostiral honetan, Euroligako seigarren jardunaldian Moskun jokatu duen partidan (91-90). Gasteiztarrek ezin izan dute lehen zatian egindako lan onari jarraipena eman bigarrenean, eta, azkenerako, Aleksei Shveden puntuek erabaki dute norgehiagoka etxekoen alde.
Pedro Martinezek zuzentzen dituen gizonak azken bi partidak irabazita (bata, Euroligan; bestea, ACBn) kantxaratu dira Khimkiren aurrean, baina aurtengo denboraldian Europan oso sendo dabilen taldearekin egin dute tupust.
Talde gasteiztarrak hirugarren laurdenean partidaren kontrola galdu du, ordura arte ondo jardun eta gero, eta bere aurkariari lehian sartzeko aukerak eman dizkio. Errusiarrek baliatu egin dituzte aukera horiek laugarren laurdenean, bere jokalari izarraren eskutik.
Izan ere, Shvedek hamalau puntu egin ditu zati erabakigarri horretan, eta, horrenbestez, bosgarren garaipena eman dio bere taldeari, eta partida bakarra irabazita utzi du Beauboisen, Shengeliaren eta Grangerren hirukoen bidez azken minuturaino borrokatzen ibili den Baskonia.
Janning izan da bisitarien artetik jokalari emankorrena (19 puntu), Shengelia (14) eta Voigtmannen (14) laguntzarekin. Etxekoen aldetik, ostera, Shved (20), Gill (20), Anderson (18) eta Markovic (15) izan dira puntu-jario gehien erakutsi dutenak.
Fitxa teknikoa
Khimki 91: Jenkins (4), Anderson (18), Shved (20), Gill (20) eta Thomas (4) –hasierako bostekoa–; Robinson (5), Vialtsev (5), Markovic (15), Zubkov (-) eta Monia (-).
Baskonia 90: Granger (4), Beaubois (9), Timma (3), Shengelia (14) eta Voigtmann (14) –hasierako bostekoa–; Huertas (11), Diop (2), Janning (19), Poirier (12), Malmanis (2) eta Garino (-).
Partzialak: 18-21, 22-27, 21-16, 30-26.
Epaileak: Lamonica (ITA), Foudis (GRE) eta Romano (ISR). Epaileek Poirier (Baskonia) kanporatu dute bost faltagatik.