Euroligako 7. jardunaldia
Baskoniak Madril jipoitu eta Euroligako bigarren garaipena lortu du (105-75)
Erredakzioa
Gasteiztarrak hasiera-hasieratik gehiago izan direla erakutsi dute, eta lehen laurdena bukatu denerako alde nabarmena zegoen markagailuan (36-17).
Baskoniak Euroligako bigarren garaipena erdietsi du, Real Madrilen aurrean erakustaldia eman ostean (105-75), Buesa Arenan. Emaitza horrek agerian uzten du Pedro Martinezen aginduetara taldea onbidean ari dela.
Ez da ia lehiarik egon Gasteizen, bai etxekoen jardun onarengatik (tinko defentsan eta ezin emankorrago erasoan), bai madrildarrak kamuts aritu direlako. Lehen laurdena makal jardun dute, eta hortik aurrera ez dira Euroligako hirugarren porrota saihesteko gai izan. Hartara, lehen laurdenaren bukaeran markagailuak emaitza esanguratsua erakutsi du: 36-17.
Madrildarrak esnatu egin dira bigarren laurdenean kantxako bi aldeetan, baina irudipen bat besterik ez da izan, etxekoak hogei goitik heldu baitira atsedenaldira (64-44).
Aldageletatik bueltan jaitsi egin da talde bien puntu jarioa, baina gasteiztarrek sendo eutsi diote azkeneraino, eta tartea are handiagoa izan da partida amaieran (105-75).
Baskoniakoen artean talde jokoa nabarmendu da, bost jokalarik zenbaki bikoitzak lortu baitituzte puntuei dagokionez. Dena den, Marcelinho Huertas besten gainetik gailendu da 20ko balorazioarekin (13 puntu eta 6 asistentzia). Madildarren aldetik, berriz, Doncic izan da eraginkorrena (18 puntu), nahiz eta ez duen azken laurdena jokatu.
Fitxa teknikoa:
Baskonia 105: Granger (12), Janning (11), Timma (10), Malmanis (8) eta Poirier (8) –hasierako bostekoa– Shengelia (7), Marcelinho (13), Beaubois (15), McRae (8), Diop (8), Voigtmann (2) eta Vildoza (3).
Real Madril 75: Campazzo (3), Causeur (3), Taylor (6), Randolph (4) eta Reyes (3) –hasierako bostekoa– Rudy Fernández (9), Doncic (18), Thompkins (6), Carroll (7), Tavares (10), Maciulis (4) eta Randle (2).
Partzialak: 36-17, 28-27, 24-19 eta 17-12.
Epaileak: Rocha (POR), Gkontas (GRE) eta Radojkovic (CRO). Ez dute inor kaleratu.