Euroligako 9. jardunaldia
Baskoniak Izar Gorriari egin beharko dio aurre Belgradeko 'infernuan'
Agentziak | Erredakzioa
Arabarrak etxetik kanpo bigarren garaipena jarraian lortzen saiatuko dira, 18.000 ikusle batu daitezkeen kantxan. Partida gaueko 21:00etan jokatuko da.
Baskoniak Belgradeko "infernua" bisitatuko du gaur, Izar Gorriari aurre egiteko, Euroligako kantxarik sutsuenetariko batean (21:00etan).
Europako txapelketako bederatzigarren jardunaldia gasteiztarren berpiztearen behin betiko baieztapena izan daiteke. Etxetik kanpo bigarren garaipena jarraian lortzen saiatuko dira 18.000 ikusle batu daitezkeen kantxa batean.
Serbiarren Kombank Arena bere taldearen balentria handien lekuko izan da, eta, hain zuzen ere, aurtengo txapelketan balkaniarrek lortu dituzten bi garaipenak etxean poltsikoratu dituzte Bartzelonaren eta Makabi Tel Aviven aurka.
Eskarmentudun jokalariak eta jokalari gazteak nahasten ditu etxeko taldeak, eta tartean dira Baskonian aritutako Milko Bjelica eta Taylor Rochestie, taldeko saskiratzaile nagusiak. Bertan jokatzen dute Pero Antic edo James Feldeine bezalako jokalari ezagunak.
Baskoniak, bere aldetik, hazten jarraitzen du Pedro Martinezen eskutik, eta bere bosgarren garaipena jarraian poltsikoratu nahi dute. Bolada on horrek Endesa Ligako ibilbidea zuzentzea ekarri dio taldeari (zazpigarren postuan da orain), eta Euroligako azken postuak atzean uztea (play-offetarako postuetatik garaipen bakarrera daude).
Entrenatzaile katalanak Ilimane Diop, Patricio Garino eta Jordan McRaeren bajei aurre egin beharko die, oraindik ere bere onbideratze prozesuetan murgilduta baitaude.
Aurrekariek erakusten dutenaren arabera, bi taldeek sei aldiz ikusi dute elkar Euroligan. Sei neurketa horietatik bost Izar Gorriak bereganatu ditu eta bakarra arabarrek, joan zen urtean lortutakoa, hain zuzen ere (63-70).