ACB Liga
Caja Laboral-Fuenlabrada, (90-81): Baskoniaren garaipen landua
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Madrildarrak nagusi izan dira lehen bi laurdenetan, baina atsedenaldiaren ondoren iritsi zen arabarren erreakzioa.
Caja Laboral Baskoniak 90-81 irabazi dio Fuenlabradari Buesa Arenan behar baino gehiago sofrituz, baina landutako garaipena oso garrantzitsua izan da.
Lehen laurdenean lokartuta kantxaratu ziren gasteiztarrak eta Fuenlabrada horretaz baliatu zen. Madrildarrak erabat nagusitu ziren erasoan eta defentsan. Gainera, Baskoniak ez zuen asmatzen hiruko marraren atzetik eginiko jaurtiketetan.
Bigarren laurdenean jokoa hobetzea lortu zuen Baskoniak. Hasierako minutuetan ez zen fin ibili Ivanovicen taldea, baina minutuak aurrera joan ahala hobetuz joan zen. Dena den, Fuenlabradak ez zuen bere joko maila jaitsi eta abantailarekin joan ziren atsedenaldira (40-45).
Atsedenalditik bueltan asko berdindu zen partida. Bi taldeek defentsak gogortu zituzten eta Fuenlabradak lanak izan zituen Baskoniaren defentsa gainditzeko. Ivanovicenak hobeto aritu ziren saskiaren aurrean. Hirugarren laurdena berdinduta bukatu zen (64-64).
Azken laurdenean Caja Laboralek bere jokoa asko hobetu zuen eta Fuenlabradak nekea igarri zuen eta behera etorri zen. Azkenean, Baskoniak bederatzi puntuko abantailarekin (90-81) garaipena lortu zuen.
Fitxa teknikoa:
90. Caja Laboral (17+23+24+26): Logan (12), Oleson (11), San Emeterio (11), Teletovic (23), Barac (9)-hasierako bostekoa-, Huertas (6), Musli (3), Bjelica, Ribas (15)
81. Baloncesto Fuenlabrada (23+22+19+17): Valters (6), Laviña (3), Barton (11), Ayón (15), Batista (22)-hasierako bostekoa-, Rabaseda (8), Guardia, Colom (4), Kus (10), Mainoldi (2).