MARTIN CARPENAN, 20:45EAN
Zaurituta dagoen Baskoniak goraka doan Unicaja bisitatuko du gaur
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde biak berdinduta daude sailkapenean 8 garaipen eta 11 porrotekin, hau da, play-off kanporaketak jokatzeko sailkatuko diren lehen zortzi postuetatik gertu.
Euroligako azken porroten ondorioz zaurituta dabilen Baskoniak Martin Carpenan jokatuko du gaur, hots, gorantz datorren Unicajaren etxean, txapelketako 20. jardunaldian.
Gasteiztarrek azken hilabeteko bolada txarrari buelta eman nahi diote; izan ere, bost partida galdu dituzte Endesa Liga eta Euroligako neurketak batuta.
Gainera, Real Madrilen eta Armani Milanen aurka azken hatsean galdu eta gero ekingo diote norgehiagoka honi, hortaz, jokalarien gogo-aldarteak berebiziko garrantzia izan dezake andaluziarren aurrean.
Talde biak berdinduta daude sailkapenean 8 garaipen eta 11 porrotekin, hau da, play-off kanporaketak jokatzeko sailkatuko diren lehen zortzi postuetatik gertu. Horrenbestez, partida irabaztea ezinbestekoa izango da txapelketan aukerekin jarraitzeko xedeari begira.
Talde osoarekin bidaiatuko duen Baskoniak argi egon beharko du, besteak beste, Nemanja Nedovic, Adam Waczynski eta Ray McCallum jokalariekin, horiek baitira Joan Plazak zuzentzen duen taldeko jokalari nagusienak.
Osteguneko lehia baino lehen, 12 aldiz ikusi dute elkar bi taldeek Euroligan. Partida horietako bostetan Unicaja atera zen garaipe, eta gainerako zazpietan, ostera, Baskonia. Alabaina, behin besterik ez dute irabazi gasteiztarrek Malagako hiriburuan. 2013-2014 denboraldian gertatu zen hori (79-93).
Aurtengo denboraldian Buesa Arenan jokatutako neurketan etxekoak irabazi zuten (88-82) taldeko lanari esker. Orduko hartan Janis Timma eta Adam Waczynski joklariak nor baino nor aritu ziren puntuak sartzen bakoitza bere taldearen alde.
Fitxa teknikoa:
Unicaja: Alberto Díaz, Nedovic, Waczynski, Brooks eta Augustine –balizko hasierako bostekoa-; Shermadini, Suárez, McCallum, Dani Díez, Milosavljevic, Soluade eta Okouo.
Baskonia: Granger, Janning, Timma, Shengelia eta Poirier –balizko hasierako bostekoa-; Voigtmann, Huertas, Beaubois, Jones, Vildoza, Diop, Garino eta Malmanis.
Epaileak: Paternico (ITA), Mogulkoc (TUR) eta Koljensic (MON).
Pabiloia: Martín Carpena.
Ordua: 20:45
0:45