Gaur, 20:30ean
Valentzia, Baskoniaren lehen oztopoa play-offetara bidean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Norgehiagoka berezia izango da Pedro Martinezentzat, bi denboraldi eman baitzituen Valentzia Basket zuzentzen, eta bere historiako lehen liga irabazi baitzuen Valentziak aulkian bera zegoela.
Baskonia Valentzia Basketen kantxan lehen aldiz irabazten saiatuko da gaur, Euroligako play-offetara sailkatzeko aukerak izaten jarraitzeko.
Gasteiztarrek galdu egin dute Fontetan jokatu dituzten Europako bi partidetan, eta, horrez gain, denboraldi honetako lehen itzulian Gasteizen jokatu zuten norgehiagokan valentziarrak nagusitu ziren.
Liga erregularra bukatzeko sei jardunaldi falta direnean, Baskonia sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, hurrengo faserako sailkapena ematen duten lehen zortzi postuetako azkenetik garaipen bakar batera. Makabi Tel Aviv taldea dago orain zortzigarren, baina israeldarrek Buesa Arenan jokatu beharko dute martxoaren 29an.
Hori dela eta, Pedro Martinezen mutilen zenbakiak argi daude: Makabik baino partida bat gehiago irabazi behar dute, averagea euren alde jartzen badute; bestela, bi lehia gehiago irabazi beharko dituzte.
Baskoniak jokalari guztiak ditu jokatzeko moduan, eta azken jardunaldian Khimkiri Gasteizen irabazi eta gero bidaiatuko du Valentziara (aurretik, bi porrot jarraian izan zituen etxetik kanpo). Valentzia Basket, berriz, sendo dabil bere kantxan azken boladan, bertan jokatutako azken bost partidak irabazi egin baititu.
CSKAk, Khimkik, Bartzelonak eta Unicajak, besteak beste, galdu egin dute Fontetan, nahiz eta Txus Vidorretaren taldeak arazo ugari izan dituen azkenaldian lesioekin.
Latavious Williamsek, adibidez, joan zen jardunaldian egin zuen debuta, eta jokatzeko gertu egongo da. Jokatzeko duda-mudan dagoena, ostera, Tibor Pleiss pibota izango da, Baskoniako jokalari ohia bera.
Norgehiagoka berezia izango da Pedro Martinezentzat, bi denboraldi eman baitzituen Valentzia Basket zuzentzen, eta bere historiako lehen liga irabazi baitzuen Valentziak aulkian bera zegoela.
Fitxa teknikoa:
Valentzia Basket: Abalde, Martinez, San Emeterio, Thomas eta Dubljevic (balizko hasierako bostekoa); Green, Sastre, Doonerkamp, Williams, García, Vives, Hlinason eta Pleiss.
Baskonia: Granger, Janning, Timma, Malmanis eta Poirier (balizko hasierako bostekoa); Shengelia, Beaubois, Marcelinho, Vildoza, Diop, Garino eta Voigtmann.
Epaileak: Christodolou (GRE), Javor (SLO) eta Fritz (ALE).
Kantxa: La Fuente de San Luis.
Ordua: 20:30