LAUGARREN PARTIDA
Fenerbahçek bere ahalmena agertu eta Kirolbet Baskonia kaleratu du (83-92)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiarrek nagusitasun handia izan dute lehenengo bi laurdenetan, eta etxekoak markagailua iraultzen saiatu diren arren, ez dira gai izan.
Kirolbet Baskoniak Fenerbahçe Dogusek eraikitako harresiaren aurka egin du tupust, eta 83-92 galdu du Euroligako play-offetako laugarren norgehiagokan. Horrenbestez, txapelketatik kanpo geratu da Gasteizko taldea; turkiarrak, berriz, Belgraden jokatuko den Lauko Finalean egongo dira, eta bertan Zalgiris Kaunas izango dute aurrez aurre.
Talde horia ia berrogei minutuetan izan da nagusi, eta Istanbulen jokatutako partiden sentsazioak berreskuratu ditu, batez ere defentsan egindako lan eskergarengatik. Hirugarren laurdenean besterik ez dute azaldu ahuldade puntu bat, non 13-0eko partziala jaso duten, baina ez da nahikoa izan etxekoentzat.
Marko Guduric serbiarrak eta Nicolo Melli italiarrak (bakoitza 26ko balorazioarekin) gidatu dute talde turkiarraren ibilbidea gaurko norgehiagokan zehar.
Fenerbahçek oso gogor ekin dio partidari, falta asko eginez, eta Kirolbetek jaurtiketa libreen bidez puntuak pilatzeko aprobetxatu du. Ondoren, kanpotik ere eraginkor egon dira etxekoak, eta, ondorioz, Baskoniaren aldeko lehen abantaila islatu du markagailuak (14-8).
Alabaina, Zeljko Obradovicek entrenatzen duen taldearen aldeko 5 eta 17ko partzial batek emaitza irauli du. Hartara, lehen laurdenaren bukaeran bisitariak zeuden partidan agintzen (19-25), bereziki hiruko lerrotik lortutako puntuekin.
Bigarren laurdenaren hasieran, Pedro Martinezen mutilek arazo anitz izan dituzte Istanbuleko taldearen defentsa gainditzeko; ostera, Marko Guduricek eta Nikola Kalinicek egungo txapeldunaren aldeko puntuak pilatu dituzte behin eta berriz (22-33).
Marcelinho Huertas saiatu da bere taldeari bultzada ematen, baina etxekoen saskiak etengabe jasotzen izan ditu Fenerbahçeko jokalarien jaurtiketak, eta tartea zabalduz joan da minutuak aurrera joan ahala. Hori dela eta, ordura arteko abantaila zabalenarekin heldu dira atsedenaldira (32-48).
Hirugarren laurdeneko lehen unetan, talde horiak gasteiztarren etsipenaz baliatu dira jaurtiketa libreen bitartez aldea handitzeko (20 puntutik gora). Aitzitik, Baskonia norgehiagokaren lehiara bueltatu da Buesa Arena piztu duen 13-0eko partzial ikusgarri batekin (60-68).
Pedro Martinezek banakako defentsa eta 1-3-1ekoa txandakatu ditu eta Fenerbahçe deseroso aurki zedila lortu du. Dena dela, Ali Muhammeden hiruko batek baskoniarren gorako bolada eten du (62-72).
Azken laurdenean, turkiarrek partidaren kontrola berreskuratu dute, eta hamar puntuko aldea kudeatzen jakin dute ia une oro, azken garaipena lortu duten arte (83-92).
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 83 (19+13+30+21): Huertas (11), Beaubois (13), Garino (8), Voigtmann (12) eta Poirier (14) -hasierako bostekoa-, Vildoza (-), Janning (2), Diop (2), Timma (-), Shengelia (11) eta Granger (10).
Fenerbahçe Dogus 92 (25+23+24+20): Wanamaker (4), Guduric (22), Datome (5), Vesely (7) eta Duverioglu (4) -hasierako bostekoa-, Thompson (5), Sloukas (5), Kalinic (11), Melli (21), Muhammed (6) eta Mahmutoglu (-).
Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Matej Boltauzer (Eslovenia), Piotr Pastusiak (Polonia). Poirier (38. min) eta Beaubois (39. min) kaleratu dituzte. Baskoniaren aulkiari teknika bat adierazi diote. (26. min).