Endesa Ligako Play-off -ak
Kirolbet Baskoniak Bartzelona izango du aurkari finalerdietan
agentziak | erredakzioa
Talde katalanak Morabanc Andorrari irabazi dio final-laurdenetako hirugarren norgehiagokan (91-71).
Kirolbet Baskoniak dagoeneko badaki nor izango duen aurrez aurre Endesa Ligako play-offetako titulurako finalerdietan. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak Bartzelona Lassaren aurka jokatuko du astelehenetik aurrera, kantxa faktorea alde dutela.
Bartzelonak Morabanc Andorrari gailendu zaio ostiral honetan final-laurdenetako hirugarren norgehiagokan (91-71), eta, hartara, erabakita utzi du gasteiztarren eta katalanen arteko kanporaketa. Baskonia aurretiaz sailkatu zen, 2-0 irabazi baitzuen Unicajaren kontrako kanporaketa.
Talde biek zazpi aldiz elkar ikusi dute finalerditan, eta orain arteko balantzea Bartzelonaren aldekoa da (4-3). Katalanek 2000ko, 2007ko, 2011ko eta 2016ko kanporaketetan lortu zuten aurrera egitea; Baskoniak, berriz, 1998an, 2002an eta 2006an sailkatu zen finalera.
Nabarmentzekoa da aipatu zazpi kanporaketa horietako bostetan kantxa faktorea aldeko zuen taldea gailendu zela. Kontrara bi aldiz besterik ez da gertatu (2002an eta 2007an), bakoitzak behin.
Finalerdietako egutegia:
Lehen partida: ekainak 4, astelehena (21:00)
Bigarren partida: ekainak 6, asteazkena (21:00)
Hirugarren partida: ekainak 8, ostirala (21:00)
Laugarren partida (beharrezkoa balitz): ekainak 10, igandea (18:30)
Bosgarren partida (beharrezkoa balitz): ekainak 12, asteartea (21:00)