Itxi

Endesa Ligako Play-offak

Kirolbet Baskonia, ACBko finalera itzultzeko lehen aukeraren aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Buesa Arenan jokatutako bi partidetan lortutako garaipenak poltsikoan izanda, arabarrek lehen aukera baliatu nahi dute gaur 21:00etan finalerdiak erabakita uzteko.

Marcelinho Huertas eta Edwin Jackson, aurrez aurre. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako finalerdietako hirugarren partidari aurre egin beharko dio gaur Palau Blaugranan. Xede bakarra dauka buruan Gasteizko taldeak: Bartzelona Lassa hirugarrenez azpiratu, eta, hartara, ACBko finalean izateko txartela lortzea, zortzi urteren ostean.

Fernando Buesa Arenan jokatutako kanporaketako lehen bi partidetan bi garaipen poltsikoan dituztela, arabarrek esku artean duten lehen aukera baliatu nahi dute finalerdiak behin betiko erabakita uzteko.

Gasteiztarrek bere alde dituzte estatistikak; izan ere, inork ez du sekula irauli 2-0 kontra zeukan kanporaketa bat. Dena den, bigarren partidaren amaieran, Pedro Martinez Baskoniaren entrenatzaileak adierazi zuen ez zuela baztertzen bosgarren partida behar izatea, finalean izateko eskubidea nori dagokion erabakitzeko.

Martinezek Bartzelonarik onena espero du, eta horri aurre egiteko jokalari guztiak izango ditu erabiltzeko moduan. Svetislav Pesic Bartzelonaren entrenatzaileak, berriz, ez daki min hartuta dauden Pierre Oriola, Pau Ribas eta Petteri Koponen jokatzeko moduan izango ote dituen.

Norgehiagoka Bartzelonak irabaziz gero, hurrengo neurketa igandean jokatuko litzateke, talde katalanaren etxean hori ere.

Fitxa teknikoa

FC Bartzelona Lassa: Heurtel, Navarro, Hanga, Moerman eta Tomic —balizko hasierako bostekoa—; Reynolds, Claver, Jackson, Sanders, Koponen, Font eta Diagne.

Kirolbet Baskonia: Huertas, Janning, Timma, Shengelia eta Poirier —balizko hasierako bostekoa—; Beaubois, Granger, Voigtmann, Vildoza, Diop, Garino eta Malmanis.

Epaileak: Perez Pizarro, Jimenez eta Peruga.

Pabiloia: Palau Blaugrana.

Ordua: 21:00.

Albisteak (3)