Finalerdiak
Endesa Ligako finala jokatuko du Baskoniak, zortzi urte geroago, Real Madrilen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko taldeak laugarren partida irabazi dio Bartzelona Lassari luzapenean (82-88), oso bukaera estuan, eta aldeko 3-1ekoarekin itxi du kanporaketa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskonia Real Madrili batu zaio Endesa Ligako finalean, finalerdietako laugarren neurketaren luzapenean FC Bartzelona Lassa kanporatuta, Palau Blaugranan (82-88).
Zortzi urte geroago, gasteiztarrak Ligako finalera itzuliko dira. Ekainaren 13an hasiko da, asteazkenarekin, eta zuriek aldeko izango dute kantxa faktorea. Gehienez bost partida jokatuko dituzte.
Baskonia neurketa osoan zehar egon da aurretik, baina Svetislav Pesicen taldea partidako 40 minutuak bukatu baino lehen berdintzeko gai izan da, eta luzapenera eraman du norgehiagoka, Heurtel eta Hangari esker. Meritua Victor Claverrena izan da.
Azken 5 minutuetan, lehenengo diferentzia Bartzelonaren aldekoa izan da, Palau efektua ondo baliatuta, baina gutxi iraun dio.
Kanpokoak nagusi izan dira neurketa osoan, baina ez dute partida itxi. Azkenean, dena den, ez dute finalera heltzeko bigarren aukera galdu.
Gehiegi galdu du baloia Bartzelona Lassak, eta Baskoniak gehiago asmatu du. Luzapenean, ordea, partida ixteko baloiak izan dituzte biek, baita galdu ere.
Baskoniak ez du jokorik onena egin, baina hobeto aritu da fisikoki.
Pedro Martinezek bigarren finala jokatuko du jarraian, Real Madrilen aurka berriro. Iaz Valentzia Basketekin irabazi zuen, eta gauza bera egin nahi du orain Gasteizko taldearekin, laugarren ACB titulua ekartzeko Arabara.
FITXA TEKNIKOA
FC Bartzelona Lassa: Jackson (-), Navarro (8), Hanga (12), Moerman (5), Tomic (11) —hasierako bostekoa—; Reynolds (2), Heurtel (16), Sanders (3), Koponen (11), Claver (14).
Kirolbet Baskonia: Granger (2), Beaubois (8), Timma (11), Shengelia (22), Poirier (2) —hasierako bostekoa—; Vildoza (11), Voigtmann (9), Huertas (8), Janning (14), Diop (1).
Partzialak: 16-21, 18-23, 19-15 eta 23-17. Luzapenean, 6-12.