Itxi

2018KO ENDESA LIGAKO FINALA

Kirolbet Baskonia, bere laugarren Liga txapelketaren bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Madrildarren eta gasteiztarren arteko finaleko lehendabiziko bi partidak Real Madrilen kantxak hartuko ditu. 21:00etan jokatuko da partida.

Sergio Llull eta Marcelinho Huertas, Endesa Ligako protoganistetako bi. EFE

Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako bere laugarren txapelketa lortzeko lehiari ekingo dio gaur Real Madrilen aurka, bere azken titulua lortu zuenetik zortzi urte bete direnean.

Madrildarren eta gasteiztarren arteko finalak bost partida izango ditu (hala behar izanez gero), eta horietako lehendabiziko biak Real Madrilen kantxan (Wizink Center) jokatuko dituzte. Pablo Lasok entrenatzen duen taldeak ez du Ligan bere etxean galdu azaroaz geroztik, hau da, Bartzelonaren aurka porrota jaso zuenetik (80-84).

Dena dela, Baskonia presio alde batera utzi eta ilusioz beteta doa Madrilera, talde zuria baita txapeldun izateko faboritoa: fase erregularrean lau norgehiagoka besterik ez ditu galdu eta play-offetan ezta bat bera ere.

Arabarrek txapelarekin amets egiteko arrazoiak dituzte, aurten elkarren artean jokatu dituzten neurketetan Real Madrili gauzak zail jartzeko gai izan baitira. Baina ez hori bakarrik; izan ere, Buesa Arenan jokatutako Euroligako partidan irabazi egin baitzieten (105-75).

Lehiaketako bi jokalari onenen (Luka Doncic esloveniarra eta Tornike Shengelia georgiarra) arteko lehiaz gain, badira final honek aurrez aurre jarri dituen beste zenbait bikote interesgarri ere: Tavares eta Vincent Poirier; Jaycee Carroll eta Matt Janning; edota Rudy Fernandez eta Janis Timma.

Erritmo handiko eta puntu ugariko partidak espero dira, horiexek izan baitira bi taldeen ezaugarri nagusiak denboraldian zehar. Aitzitik, defentsako taktikak ere arretagune izango dira, entrenatzaile biak aberatsak baitira alderdi horri dagokionez.

Talde biek ibilbide azpimarragarria daukate lehiaketan, baina final batean elkarren aurrean jardungo duten bigarren aldia izango da soilik, ez baitute elkarren aurka jokatu ez Errege Kopako finaletan, ezta Endesako Superkopako finaletan ere.

Bien artean existitzen den aurrekari bakarra 2004-05 denboraldiko Endesa Liga da. Orduko hartan, Bozidar Maljkovicek entrenatzen zuen talde madrildarrak (kantxa faktorea kontra zuenak) Baskonia azpiratu zuen bosgarren norgehiagokan, 8 puntuko aldeari azken 50 segundotan buelta ematea lortu eta gero.

Albisteak (3)