85-66
Baskoniak irabazi du Gipuzkoa Basketen aurkako euskal derbia
eitb.eus
Arabako taldeak 85-66ko emaitzarekin irabazi dio talde gipuzkoarrari Buesa Arenan. Hirugarren laurdenean hautsi du neurketa eta bideratu du garaipena Baskoniak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskoniak irabazi du Delteco GBC taldearen aurka (85-66) jokatu duen Endesa Ligako hirugarren jardunaldiko euskal derbia. Ondorioz, Baskoniak 2 garaipen eta porrot bateko balantzea du. Gipuzkoa Basketek, aldiz, galdu egin ditu orain arte jokatutako hiru partidak.
Arabako taldeak bikain ekin dio neurketari 5-0eko partzialarekin, eta lehen laurdenean jaun eta jabe izan da. Gipuzkoa Basket ezinean ibili da. Baskonia 16 puntuko abantila izatera iritsi da (22-6), baina hasierako 10 minutuak amaitu orduko, aldeak murriztea lortu du Delteco GBCk. Hala ere, 13 puntuko abantaila eskuratu du Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak (24-11).
Bigarren laurdenearen hasieran ere nagusi izan da Kirolbet Baskonia eta 14 puntuko errenta (27-13 eta 30-16) izan du. Dena den, Delteco GBC taldeak lanean jarraitu du, eta aldeak murrizten hasi da; atsedenaldira iristeko 5 minutu falta zirenean 7 puntura gerturatu da (32-25), eta neurketa berdintzea lortu du (32-32) laurdena bukatzeko 3 minuturen faltan. Bigarren laurdenaren azken txanpa oso parekatua izan da, eta Baskonia 2 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (40-38).
Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea indartsu kantxaratu da atsedenaldiaren ostean eta hirugarren laurdenaren lehen erdian hautsi du neurketa. Baskoniak 10 puntuko errenta eskuratu du laurdeneko lehen 5 minutuetan (57-47). Ondoren, abantaila handitzea lortu du Arabako taldeak eta garaipena bideratuta utzi du (68-51).
Azken laurdenean, Delteco GBC saiatu da desabantaila murrizten, baina Baskoniak ez du nahi izan bigarren laurdenean gertatutakoa errepikatzea, eta sendo mantendu da defentsan zein erasoan. Arabako taldeak ez dio aukerarik eman talde gipuzkoarrari eta derbia irabazi du (85-66).
Fitxa teknikoa:
85 - Kirolbet Baskonia (24+16+28+17): Huertas (10), Hilliard (10), Shields (7), Voigtmann (15) eta Poirier (13) -hasierako bostekoa-, Vildoza (-), Janning (5), Diop (8), Granger (4), Shengelia (13), eta Garino (-).
66 - Delteco GBC (11+27+13+15): Dani Perez (-), Van Lacke (1), Salvó (6), Bobrov (6) eta Barro (2) -hasierako bostekoa- , Jorge Gutierrez (10), Nevels (22), Maiza (-), Sekulic (9), Burjanadze (4) eta Corbacho (6).
Epaileak: Benjamin Jimenez, Francisco Araña eta Arnau Prados. Faltengatik kanporatuak izan dira Barro (37. min) eta Brobov (37. min).