OSTEGUNEAN, 19:00ETAN
Baskoniak Buducnosti egingo dio bisita, Euroligan irabazi ez duen talde bakarrari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatistikak Baskoniaren aldekoak dira, Buducnosten aurka jokatu dituen bi partidak irabazi baititu.
Kirolbet Baskoniak Buducnosti egingo dio bisita gaur osteguna, hots, aurtengo Euroligan oraindik garaipenik lortu ez duen talde bakarrari.
Hortaz, txapelketako zazpigarren jardunaldiko norgehiagoka horrek berebiziko garrantzia dauka gasteiztarrentzat, bi neurketa besterik ez baitituzte irabazi orain arte eta lau galdu.
Montenegroarrek, ordea, porrot egin dute orain arteko guztietan (sei), nahiz eta irabaztetik gertu egon diren etxean jokatutako zenbait neurketatan (Makabi edo Panathinaikosen aurka).
Alen Omic esloveniarra da Pogdoricako taldearen zutabeetako bat. Beste mehatxu nagusiena Edwin Jackson frantziarrak kanpoko jaurtiketetatik egiten duena da. Oraindik ez dago guztiz sasoiko, baina hiruko jaurtiketetan % 53ko eraginkortasuna ari da azaltzen.
Hori horrela izanik ere, etxekoen arazoak erasoari begira sortzen dira; izan ere, puntu gutxien sartzen duten taldeen artean daude.
Estatistikak Baskoniaren aldekoak dira, Buducnosten aurka jokatu dituen bi partidak irabazi baititu. Hori bai, garaipen horiek aspaldi lortutakoak dira, Montenegroko taldeak 15 urte baitzeramatzan Euroligan jokatu gabe.
2002/2003 denboraldian jokatu zuten elkarren kontra bi taldeek. Tau Ceramica izenarekin jokatzen zuten garai hartan arabarrek, eta 71-81 irabazi zuten liga erregularreko lehen itzulian eta 103-86 Buesa Arenan jokatutako bigarren neurketan.