Itxi

91-76

Baskoniak Kanaria Handia jipoitu du Perasovicen estreinaldian

Erredakzioa

Leer en Castellano

Arabako taldeak 91-76 irabazi dio Herbalife Kanaria Handia taldeari Buesa Arenan. Zazpigarren garaipena lortu du Endesa Ligan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kirolbet Baskoniak 91-76ko emaitzarekin irabazi dio Herbalife Kanaria Handia taldeari Buesa Arenan jokatu duen Endesa Ligako 9. jardunaldiko neurketa. Perasovic entrenatzaile karguan estreinatu da garaipena lortuta.

Ondo ekin dio partidari Baskoniak lehen txanpan 6 puntuko abantaila lortuta (8-2). Ondoren, 2 puntura gerturatu da talde kanariarra (15-13), baina Arabako taldeak berriro abantaila hartu du (18-13). Lehen laurdeneko azken minutuetan, ordea, Kanaria Handia izan da nagusi eta talde bisitariak puntu bateko errentarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (22-23).

Bigarren laurdeneko hasierako minutuetan, lehiak parekatuta jarraitu du, baina azken 5 minutuetan Kirolbet Baskonia jaun eta jabe izan da. Atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan joko-maila ona azaldu du Perasovicek zuzentzen duen taldeak, abantaila esanguratsuak lortzen hasi da, eta 15 puntuko abantaila lortuta joan da taldea aldageletara (51-35).

Atsedenaldiaren ostean, aurretik lortutako abantaila mantentzea lortu du Baskoniak. Hirugarren laurdena oso parekatua izan da, baina 16 puntuko errenta ere eskuratu du Arabako taldeak (67-51). Ondoren, ordea, Herbalife 10 puntura gerturatu da (65-55). Hala ere, Perasovicek zuzentzen duen taldeak ondo eutsi dio presioari eta 13 puntuko errenta lortu du azken laurdenari ekiteko (71-58).

Garaipena gertu zuela ikusita, Baskoniak indartsu ekin die azken hamar minutuei, eta partida amaitzeko 5 minutu falta zirenean, 21 puntuko abantaila eskuratu du talde gasteiztarrak (83-62). Hortxe utzi du neurketa erabakita Baskoniak, eta amaieran 91-76ko emaitzarekin lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

91 - Kirolbet Baskonia (22+29+20+18): Vildoza (16), Hilliard (15), Garino (2), Shengelia (16) eta Poirier (8) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (4), Huertas (6), Janning (15), Diop (9) eta Shields (-).

76 - Herbalife Gran Canaria (23+13+22+18): Hannah (2), Strawberry (14), Evans (5), Tillie (10) y Pasecniks (9) -hasierako bostekoa-, Oliver (2), Eriksson (5), Balvin (9), Paulí (10), Rabaseda (4) eta Baez (6).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Rafael Serrano eta Javier Torres. Vincent Poirier anporatu dute, 5 falta egiteagatik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)