Euroliga
Panathinaikos-Caja Laboral (76-74): Porrot mingarria
Erredakzioa
Gorabehera handiko partida izan da eta garaipena azken jokaldian erabaki da. San Emeteriok luzapena behartzeko bi jaurtiketa libre izan ditu, baina ez du asmatu.
Caja Laboralek porrota jaso du Panathinaikosi egindako bisitan (76-74). Luzapena behartzeko aukera izan dute eta baita garaipena lortzeko ere, baina ez dute lortu.
Dusko Ivanovicen gizonek akats ugari egin dituzte lehen laurdenean eta kostata sartu dira partidan. Markagailuan hurbildu dira eta bigarren laurdenari 3 puntuko desabantailarekin ekin diote (21-18), baina etxekoak ziren nagusi argi eta garbi.
Ihes egin nahi zuen Panathinaikosek, baina Baskoniak ez zuen amore eman nahi. David Logani esker itxaropenari eutsi dio Gasteizko taldeak. 18. minutuan markagailuan aurretik jarri du Teletovicek Baskonia (38-39). Atsedenaldian, 40-39.
Joko gorabeheratsua eskaini du Baskoniak hirugarren laurdenean eta greziarrek errenta handitzeko baliatu dute (59-50). Aukerekin iritsi da Caja Laboral azken hamar minutuetara (59-58, 32. minutuan). Amaiera zirraragarria izan da eta partida azken jokaldian erabaki da. San Emeteriok luzapena behartzeko bi jaurtiketa libre izan ditu, baina ez du asmatu.
E multzoko lidergoan bakarrik jarri da Panathinaikos.
Fitxa teknikoa:
PANATHINAIKOS: Diamantidis (7), Sato (6), Perperoglu (10), Batiste (12), Fotsis (22) --hasierako bostekoa--, Nicholas (12), Tepic (2), Calathes (-), Vougioukas (3) eta Tsartaris (2).
CAJA LABORAL: Huertas (17), Oleson (-), San Emeterio (19), Teletovic (8), Barac (-) --hasierako bostekoa-- Ribas (-), Logan (21), Bjelica (-), Sow (2) eta Batista (7).
PARTZIALAK: 21-18, 19-21, 19-11, 17-24.