10. JARDUNALDIA
Baskoniak galdu egin du Istanbulen eta arazoekin jarraitzen du Euroligan 96-85
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Perasovicen taldeak ezin izan du bere bigarren garaipena kateatu, eta, 10 jardunaldi bete direnean, hiru partida besterik ez ditu irabazi.
Kirolbet Baskoniak galdu egin du Anadolu Efesen aurka (96-85), Istanbulgo Sinan Erdem Dome kantxan, Euroligako 10. jardunaldiari zegokion partidan. Porrot horrekin Europako ibilbide kaskarretik atera ezinda jarraitzen dute gasteiztarrek; turkiarrak, ordea, gero eta arerio sendoagoa direla erakusten ari dira.
Panathinaikosi irabaztetik zetorren Velimir Perasovicen taldea bi garaipen kateatzeko aukeratik urruti egon da gaurkoan, eta, horrenbestez, Gasteizen jokatuko den Lauko Finalean egoteko xedea zailtzen ari zaio (3-7). Izan ere, Efes nagusi izan da norgehiagokan, Baskonian aritutako Beaubois frantziarraren agintepean (14 puntu eta 6 asistentzia). Micicek ere sasoiko dagoela erakutsi du beste behin (16 eta 6).
Efes aurtengo Euroligako ezusteko nagusiena izaten ari da, eta zailtasun anitz jarri dizkie gasteiztarrei hasieratik bertatik. Lehia hastapeneko markagailua horren isla izan da (17-6), eta nahiz eta bisitariak errebotean agintzen ari ziren une horretan, ez dute hori baliatu, jaurtiketa argiak huts egin baitituzte. Hartara, lehen laurdenaren bukaeran 25-17 zen emaitza.
Bigarren partzialean, piztu egin dira Shengelia eta Janning (bakoitzak hiruko bana sartu du), eta defentsa tenkatu dute Perasovicen mutilek. Horrek guztiak aurretik jartzea ahalbidetu die (36-37). Dena den, turkiarrek ez dute etsi, eta Dunstonen ekarpenari esker, bi puntuko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira (44-42).
Saskiratze trukaketarekin ekin diote berriro neurketari, eta trukaketa horrek Ergin Atamanek entrenatzen duen taldeari egin dio mesede. Krunoslav Simonek hartu du puntuak sartzeko ardura tarte horretan (8 puntu) turkiarren aldetik.
Baskonian, berriz, Johannes Voigtmann alemaniarra izan da bere taldeari arnasa apur bat ekarri diona, bata bestearen atzetik sartu dituen hiru hirukoren bitartez. Puntu horien bidez, arabarrek markagailua irauli dute behin-behinean 2-10eko partzialarekin (59-60, 25. minutuan).
Aitzitik, Dogus Balbayren intentsitateak Efesen erreakzioa ekarri du, eta partziala itzuli dio Baskoniari (11-0), markagailuan berriro aurretik jartzea lortuz, Kirolbeten unerik zailenean (Shengelia aulkian zegoen lau faltarekin). Hartara, hirugarren laurdenak bere azken hatsa azaldu duenean, etxekoek zortzi puntuko zuloa zeukaten alde (75-67).
Azken laurdenean, gasteiztarrak ez dira markagailua behar bezain beste estutzeko gai izan, nahiz eta tarteka Matt Janningek sartu dituen zenbait hirukok itxaropena ekarri duten. Alabaina, neurketa guztian legez, baloi galduek (19 guztira) ekarri duten zama agertu da berriro, eta ezinezkoa bihurtu dute garaipena eskuratzea (96-85).
Fitxa teknikoa:
Anadolu Efes Estambul 96 (25+19+31+21): Micic (16), Beaubois (14), Anderson (7), Moerman (10) eta Duston (10) –hasierako bostekoa–, Larkin (-), Balbay (11), Motum (16), Pleiss (4) eta Simon (8).
Kirolbet Baskonia 85 (17+25+25+18): Granger (10), Hilliard (15), Shields (3), Shengelia (6) eta Poirier (6) –hasierako bostekoa–, Vildoza (-), Voigtmann (15), Huertas (8), Janning (20) eta Diop (2).
Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Damir Javor (Eslovenia) eta Aare Halliko (Estonia). Teknika adierazi diote Grangerri (36. min). Shengelia kanporatu dute falta pertsonalengatik (40. min).