Itxi

Palau Blaugranan

Regal Bartzelona-Caja Laboral (89-66): Azken uneko jipoia

Erredakzioa

Arabarrak behera etorri dira azken laurdenean eta katalanek ez dute hiruko marratik barkatu. Navarrok (22 puntu) eta Terence Morrisek (15 puntu) min handia egin dute gasteiztarren defentsan

Azken laurdenera arte Baskoniak ondo eutsi dio Regal Bartzelonari markagailuan, baina une erabakigarrian blaugranek euren kalitatea atera eta jipoia eman die gasteiztarrei. Navarrok eta Morrisek partida bikaina jokatu dute katalanentzat eta arabarren artean Huertas eta Barac izan dira onenak.

Ivanovicen mutilek ezin hobeto hasi dute norgehiagoka markagailuan agintzen jarri direlako Marcelinho Huertasen gidaritzapean. Juan Carlos Navarro jokoan sartu da katalanentzat eta Regal Bartzelona aurretik jarri da (10-8) etxean. Huertasek arabarrak erasoan gidatzen jarraitu du, baina Joe Inglesek puntu garrantzitsuak lortu ditu etxekoentzat eta lehen laurdena 21-19 bukatu da.

Bigarren laurdenean Stanko Baracek lan bikaina egin du taula azpian eta bere puntuei esker Baskonia 32-33 aurretik jarri da markagailuan. Hala ere, etxeko taldean Navarrok min handia egin du erasoan eta gasteiztarrek ezin izan dituzte saskiraketak gelditu. Horrela, Victor Sadaren saskiraketa ikusgarri bati esker, Bartzelona aurretik joan da atsedenaldira (40-38).

Hirugaren laurdenean katalanek asko sakatu dute erasoan eta 7-2ko partzial garrantzitsua bati esker 47-40 aurretik jarri dira markagailuan. Andersonek bi saskiraketa garrantzitsu lortu ditu jarraian eta Xavi Pascualen mutilek 10 puntuko aldea lortu dute (52-42). Hala ere Ivanovicen mutilek ondo erantzun dute defentsan eta Baracen saskiraketei esker 56-54 hurbildu dira markagailuan. Hirugarren laurdenaren bukaeran Bartzelonak asko sakatu du berriro eta emaitza 61-54koa izan da etxekoentzat.

Azken laurdenean gasteiztarrak behera etorri dira eta katalanek partida erabakitzeko aukera aprobetxatu dute. Hiruko marratik bikain egon dira Bartzelonako jokalariak eta 73-61ekoarekin erdi erabakita utzi dute norgehiagoka. Caja Laboralek ezin izan du erasoan erantzun eta azken minutuetan Xavi Pascualen taldeak jipoia eman dio Baskoniari. Azken emaitza 89-66koa izan da ACBko liderrarentzat.