23. JARDUNALDIA
Kirolbet Baskonia, aukerarik gabe Palau Blaugranan (77-67)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Perasovicen taldea ez da Bartzelonari aurre egiteko gai izan, eta 25 puntuz galtzen ere ibili da.
Bartzelona Lassak hankapean erabili du Kirolbet Baskonia Euroligako 23. jardunaldian, eta erraz gailendu zaio Gasteizko taldeari: 77-67.
Etxekoek nahikoa izan dituzte lehenengo 20 minutuak Baskonia inolako aukera gabe uzteko. Pesicen taldeak joko bikaina egin du zati horretan, eta Kevin Seraphin (15 puntu eta 6 errebote) eta Thomas Heurtel oso eraginkor aritu dira (11 puntu eta 9 asistentzia).
Lehen laurdenak norgehiagokaren nondik norakoa baldintzatu du. Bartzelonaren defentsako lana eta jarduera fisikoa ikusgarria izan da; arabarrak, ordea, antzu ibili dira saskira begira, eta gogotik ordaindu dute.
Tarte horretako estatistikek argi erakusten dute gasteiztarren ezintasuna: bi puntuko 14 jaurtiketa egin dituzte eta hiru besterik ez dituzte sartu. Hiruko jaurtiketei dagokienez, ez dute bakar bat ere lortu, bost saiakera egin arren. Jaurtiketa libreetan ere, oker; bostetik hiru saskiratu dituzte.
Horrez gain, errebote lanetan ere gehiago izan da Bartzelona, eta horrek guztiak 13 puntuko aldea ekarri dio Kopako txapeldun berriari lehen laurdenaren amaieran (22-9).
Bigarren laurdena ez da askoz hobea izan Perasovicen taldearentzat, Kevin Seraphin pibotaren nagusitasuna pairatu behar izan baitu saskipean. Frantziarra kantxan zela, katalanek neurketako alderik handiena (25 puntu) lortu dute (44-19, 16. minutuan). Dena dela, Baskoniak markagailuko zuloa zertxobait murriztu du atsedenaldira iritsi aurretik (46-26).
Partidari berriro ekin diotenean, Baskoniak defentsako lana sendotu du, eta 10 punturaino hurbildu da bi aldiz (54-44, 27. minutuan, eta 67-47, 32. minutuan). Aitzitik, katalanak partidaren kontrola berreskuratzeko gai izan dira une horietan, eta azkenean ez dute arazorik izan garaipena erdiesteko.
Horrenbestez, Bartzelonak 14 lehia irabazi ditu dagoeneko; Baskoniak, berriz, 11 garaipenekin jarraituko du.
Fitxa teknikoa:
77 - Barça Lassa (22+24+16+15): Pangos (9), Kuric (4), Claver (2), Singleton (9), Tomic (4) –hasierako bostekoa–; Seraphin (15), Ribas (15), Hanga (2), Heurtel (11) eta Oriola (6).
67 - Kirolbet Baskonia (9+17+19+22): Vildoza (9), Janning (6), Shields (18), Voigtmann (2), Diop (-) –hasierako bostekoa–; Huertas (7), Poirier (5), Jones (8) eta Hilliard (12).
Epaileak: Christos Christodulou (Grezia), Carmelo Paternico (Italia) eta Saso Petek (Eslovenia). Ez dute inor kanporatu.