Itxi

Euroliga (final-laurdenak)

Caja Laboral-Maccabi (76-70): Arabarrek lehenengo partida lortu dute

Erredakzioa

Baskoniak joko bikaina erakutsi du lehen zatian Stanko Baracen lan onari esker. Hirugarren laurdenean horiek asko sakatu dute, baina gasteiztarrak aurretik mantendu dira markagailuan.

Caja Laboralek israeldarren aurkako kanporaketako lehen norgehiagoka eskuratu du,76-70eko emaitzarekin. Ivanovicen taldeak lehen zati paregabea jokatu du eta Stanko Barac erabakigarria izan da taula azpian. Hirugarren laurdenean Maccabik erasoan asko sakatu du Hendrixen puntuei esker, baina azkenengo laurdenean Huertasek norgehiagoka erabakita utzi du jarraian lortutako bi saskiraketei esker.

Lehen laurdenean Ivanovicen mutilek erasoan agindu dute eta Barac erabakigarria izan da taula azpian, defentsan eta erasoan hartutako erreboteekin. Horrela etxeko taldeak 10 puntuko aldea lortu du markagailuan (21-11). San Emeteriok eta Loganek hiruko lerrotik saskiraketa lortu dituzte eta Caja Laboral 26-14 aurretik jarri da markagailuan, bigarren laurdenari begira.

Kanpoko taldeak gehiago sakatu du bigarren laurdenean eta gasteiztarrei presio gogorra ezarri diete defentsan. Perkinsek saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu Maccabi taldearentzat, baina Batistak eta Teletovicek markagailuko aldea babestu dute euren saskiraketekin. Ivanovicen taldeak israeldarren defentsa hautsi dute eta atsedenaldira 46-32ko markagailuarekin joan da.

Hirugarren laurdenean Maccabik asko sakatu du erasoan eta Richard Hendrixek puntu garrantzitsuak lortu ditu talde horiarentzat. Israelgo taldeak defentsa sendotu egin du eta markagailuan hurbildu egin dira horiak. Hala ere Baskoniak sendo jarraitu du hiruko lerrotik eta azken laurdenera 61-55eko emaitzaz joan dira.

Laureen erabakigarrian, Stanko Barac berriz ere azaldu da erasoan eta arabarrak sendo mantendu dira markagailuan (69-57). Hala ere horiek asko sakatu dute emiatza iraultzeko eta Hendrixen saskiraketa bati esker Maccabi bost puntura jarri da (69-64). Une erabakigarrietan Marcelino Huertasek hartu du taldea gidatzeko ardura eta brasildarrak bost puntu lortu ditu jarraian partida erabakita utziz. Azken emaitza 76-70ekoa izan da gasteiztarrentzat.

- Fitxa teknikoa:

76 - Caja Laboral (26+20+17+15): Huertas (8), Oleson, San Emeterio (13), Teletovic (12), Barac (17)-hasierako bostekoa-, Ribas (5), Logan (14), Batista (7).

70 - Maccabi Tel Aviv (14+18+23+15): Pargo (7), Perkins (10), Eidson (11), Eliyahu (12), Macvan-hasierako bostekoa-, Schortsanitis (4), Pnini (3), Hendrix (16), Blu (7).




Bideoak (1)