Itxi

Gaur, 19:00etan, Moskun

Baskoniak CSKA menderatzea du xede, beste emaitzei begiratu behar ez izateko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Moskuko taldeari irabaziko balio, zuzenean sailkatuko litzateke beste taldeek zer egiten duten kontuan izan gabe.

Argazkia: EiTB

Kirolbet Baskoniak CSKAren aurka Moskun irabaztea besterik ez du buruan, gaur, 19:00etan, jokatu behar duen Euroligako norgehiagokan. Hala eginez gero, gasteiztarrek ez lukete fase erregularreko gainerako partidetako emaitzei begiratu beharrik izango, play-offetara sailkatzeko falta diren hiru taldeak zein diren jakiteko. Sei talde daude oraindik jaberik ez duten hiru postuen lehian: Panathinaikos, Zalgiris, Armani Milan, Makabi Tel Aviv, Olympiakos eta Baskonia.

Gasteiztarrak dira, hain zuzen ere, play-off horietara igarotzeko aukera gehien dutenak (% 93,75). Euroligak berak jakitera eman dituen datuen arabera, Perasovicen taldeak aukera ugari ditu, baita seigarren sailkatzeko ere (% 62,5), eta, hala gertatzekotan, Real Madrilen aurka jokatuko luke.

Zazpigarren amaitu eta hurrengo kanporaketan CSKAren aurka jokatzeko aukerak txikiagoak dira (% 21,9), eta are murritzagoak zortzigarren izatekoak (% 9,4).

Bestalde, berdinketarik gehienak arabarren aldekoak dira, baina Velimir Perasovicen taldeak Errusiako norgehiagokan dago buru-belarri sartuta. Bere aurkariak ez du ezer jokoan izango, eta bigarren geratuko da fase erregularreko sailkapenean, osteguneko partidako emaitza zeinahi dela ere.

Dena dela, Moskuko kantxa kontinenteko zailenetakoa da, eta horren erakusgarri da Baskoniak bertan jokatu dituen 17 neurketatik bi baino ez dituela irabazi. Horietako lehena 2001-02 denboraldian izan zen (73-90), eta bigarrena, 2005eko Lauko Finalean. Orduko hartan, Baskonia finala jokatzeko sailkatu zen, aurreikuspen guztien aurka (78-85).

Emaitza horiek gorabehera, gasteiztarrek lehen itzulian Buesa Arenan eskuratutako garaipena errepikatu nahi dute (76-73).

Horretarako, Perasovicek aurreko asteetan baino jokalari gehiago erabili ahal izango ditu, Tornike Shengelia georgiarra eta Patricio Garino argentinarra taldeko dinamikara bueltatu baitira.

Defentsako lana eta errebotearen kontrola berebiziko garrantzia duten alderdiak izango dira lehian zehar. Baskoniarrek estu hartu beharko dute Cory Higgins errusiarren saskiratzaile nagusia (15 puntu, batez beste). Horretaz aparte, tentuz zaindu beharko dute Nando de Colo eta Sergio Rodriguez joko-antolatzaileen sormena eta Will Clyburn edota Alec Peters jokalariek hainbat jokamoldetara egokitzeko duten ahalmena ere.

CSKA da Euroligan punturik gehien sartzen duten taldeen zerrendan bigarrena (86,9 puntu partida bakoitzeko). Aitzitik, Baskoniak zenbaki hobeak ditu guztizko erreboteetan, asistentzietan eta berreskuratutako baloi-kopuruan. Errusiarrek, berriz, batez beste, hiruko jaurtiketetan, guztien % 39,8 gauzatzen dituzte.

Baskoniak partida galduko balu, Milanen, Real Madrilen edota Olympiakosen porroten zain geratu beharko litzateke.

Fitxa teknikoa:

CSKA Mosku: Hackett, De Colo, Kurbanov, Bolomboy eta Hines (balizko hasierako bostekoa); Rodriguez, Hunter, Higgins, Peters, Vorontsevich, Clyburn eta Ukhov.

Kirolbet Baskonia: Vildoza, Hilliard, Shields, Voigtmann eta Poirier (balizko hasierako bostekoa); Shengelia, Huertas, Diop, Jones, Sedekerskis, Penava eta Gonzalez.

Epaileak: Ryzhyk, Jovcic eta Laurinavicius.

Pabiloia: Megasport Arena.

Ordua: 19:00.

Albisteak (3)